EAJ: "Turismoari dagokionez ezer ez egiteak ez du esan nahi bisitari gutxiago etorriko direnik"
Udal Gobernu Taldeak turismoaren kudeaketa beste erakunde batzuen esku utzi duela salatu du Hondarribiko EAJk.
Aste Santua igaro berri den honetan gobernu taldeak turismoak eskualdean izan duen eraginaren inguruko datuak plazaratu ez dituela kexu da Hondarribiko EAJ. Udalak turismoarekin lotutako gaiak kudeatzeko eta arautzeko eskumenak ditu, baina jeltzaleek diotenez gobernu talde berria sartu zenetik turismo eta merkataritza arloa “ezabatu” eta turismo ereduari buruzko erabakiak hartzeko eskumena “beste erakunde batzuei” eman die, “Bidasoa Bizirik garapen agentziari, kasu honetan”.
Turismo eta merkataritza sailak turismoa sustatzeko eginkizuna izateaz gain, kudeatzeko eskumena ere baduela gogoratu dute. “Izan ere, turismoari dagokionez ezer ez egiteak ez du esan nahi bisitari gutxiago etorriko direnik”. Horregatik, turismoa kudeatzea Hondarribirako nahi den turismo eredua erabakitzea dela adierazi dute.
Hondarribia historikoki hiri turistikoa izan da, “ingurune naturalak, ondare historikoak, kulturalak eta gastronomikoak” eraginda. Zentzu horretan, urte hauetan guztietan EAJk turismoaren kudeaketa modu partekatuan landu duela azaldu dute: “herritarrekin, elkarteekin eta sektorearekin. Baita sektore horretan eskumenak dituzten erakundeekin ere”. Egungo gobernu taldetik, ordea, turismoari buruz “kezka mezuak” baino jasotzen ez dituztela adierazi dute, eta “beste gai batzuetan bezala, etxebizitza kasu”, beste erakunde batzuei “zerbait egiteko eskatu” dietela deitoratu dute.