Gaur hasi da Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa
Hilaren 11tik 13ra izango da CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa. 23 laburmetrai eta 3 dokumental proiektatuko dituzte. Sarrera doakoa da.
Gaur abiatuko dute CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa. Hiru egunez 23 laburmetrai eta 3 dokumental proiektatuko dituzte Itsas Etxean. Saioak 19:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa da.
1975. urtean sortu zen CIMASUB zikloa Urpeko Real Sociedad taldearen eskutik. Ordutik 47 edizio antolatu dituzte udaleri ezberdinetan. Hondarribian antolatzen duten 15. aldia da. Urtero-urtero edukiak hobetzeko lan egiten dutela azaldu dute antolatzaileek, baita herritarrengana hobekien heltzeko edukiak lortzeko ere; izan ere, planetak dituen itsaspeko paradisuez gozatzeko zikloa izateaz gain, itsasoek “sufritzen duten narriadura” azaleratzeko, kontzientziatzeko eta, nolabait, inplikatzeko helburua du zikloak.