Egun osoko dantza topaketa, muxikoen eskutik
Igandean Euskal Herri osoko 500 bat dantzarik bat egingo dute Hondarribiako V. Muxiko egunean.
Gaur goizean Damarri plazan aurkeztu dute Hondarribiko V. Muxiko eguna, igandean bertan egingo baitute hitzordua Euskal Herri osoko 500 bat dantzarik. Aurkezpenean izan dira Patxi Lazkano eta Izaskun Muñoa Lagun Artean elkartetik, Ortzi Alonso Kultur zinegotzia, eta Isabel Olazabal eta Jose Ramon Mutuberria Zumardikoak elkartetik.
Muxiko eguna Lagun Artean eta Zumardikoak elkarteen artean antolatzen da, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Haatik, Ortzi Alonso zinegotziak antolatzaileak zoriondu eta elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi du. Bestetik, hitzorduaren filosofia edo espiritua goraipatu nahi izan du: “egun osoko dantzaldi bat egiten duzue, leku desberdinetan eta hori goraipatu nahi dut” eta herritar oro bertara gonbidatuta dagoela gogorarazi du. Izaskun Muñoak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio zinegotziari eta egunaren egitaraua azaldu du.
Igandean (hilak 14) 11:15ean hasiko dira dantzan. Damarri plazan bertan zazpi jauzi dantzatuko dute eta 11:30ean Arma Plazarantz egingo dute bidea. Jaiki hadi taldearekin muxikoak dantzatu ondoren, Portura jaitsiko dira eta bertan zenbait kantu dantzatuko dituzte ere. 14:30ean bazkaltzeko geldialdia egingo dute, Ardoran. Azkenik, egunari amaiera dantzan emateko Patxi Perez eta Konpainiarekin azken saioa egingo dute 17:30ean.