Aste "arrakastatsua" izan da santua Irunen
Oiasso museoaren erabiltzaile kopurua %20 hazi da 2023rekin konparatuz. Gaztelekuetan, berriz, 400 gazte baino gehiagok hartu du parte jardueretan.
Irungo Aste Santuko turismoaren balantzea egin dute gaur Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak eta Gazteriako ordezkari Sergio Javierrek. Programazio berezia onduta, Oiasso Museoaren lana nabarmendu dute bisitarien kopuruab %20 hazi delako iazko Aste Santuarekin alderatuta.
Era horretan, urteko lehenengo hiruhilekoko bisitarien kopurua bikoiztu egin da eta errekorra egin dute. “Dudarik gabe, Oiasso museoa eta beronen kultur eskaintza gorabide betean daude”. Museoak, guztira, 552 bisitari jaso ditu eta gehien erakarri dituzten jardueran Emakume arkeologoak Gipuzkoan eta Arkeolab arkeologia tailerrak izan dira. Erakusketa iraunkorrak eta Ama Xantalen ermitak ere jende andana jaso du, nagusiki gipuzkoarrak.
Oiassorekin jarraituz, urteko lehen hiruhilekoan 11.448 bisitari eta erabiltzaile jaso dituzte, joan den urtean halako bi (5.069). Hazkundea, bi arrazoirengatik izan dela diote: batetik, Espainia eta Herrialde Katalanetatik bertaratutako 60 urtetik gorakoen taldeak; bestetik, Emakume arkeologoak Gipuzkoan aldi baterako erakusketaren harrera “ona”. Erakusketa hau maiatzaren 31ra arte egongo da ikusgai, eta Maria Fernanda Sanchezek Cambios climaticos y evolucion humana hitzaldia eskainiko du hilaren 12an, 19:00etan.
Gazteen programazioa
Gazteartean zerbitzuak adierazi du Udaberriko Oporrak programako toki guztiak bete direla, “interes handia” piztu duela gazteen artean. Jarduerak arrakastatsuak izan daitezken “gazteen ahotsa” kontutan hartu dutela dio Javierrek “parte hartzetik eta entzutetik”.
Guztira, 400 pertsonek eman dute izena egindako jardueretan; Martindozeneatik 229 gazte pasa dira eta Artiako gaztelekutik 204 gazte. Artiako gaztelekuan bataz beste 30 nerabe bildu dira egunean, eta jarduera aipagarriena Donostiara egindako irteera, Aquariumeko eta Canopy Donosti Abentura parkeko bisita izan dira. Martindozenean, berriz, nabarmendu egin dute Baztan eta Bertiz abentura parkeetara egindako irteerak, gaualdia barne. Halaber, laser tag bataila arrakastatsua izan zen.