'The last souls of Syria' dokumentala, ostiral honetan
Amnistia Internazionaleko kideekin batera ondu du udalak proiekzioa eta ondorengo mahai ingurua. Sarrera doakoa da, gonbidapenarekin.

Amnistia Internazionalak eta udaleko Kultura sailak The last souls of Syria dokumentalaren proiekzioa eta mahai ingurua antolatu dute ostiral honetarako, hilak 12, 19:00etan. Bertan izango dira Malena Rocio Maceira eta Jorge A. Correa Quintero Amnistia Internazionaleko kideak. Izan ere, Giza Eskubideen Zinemaldiaren 20. edizioko Amnistia Internazionalaren saria irabazi zuen dokumentalak.
Dokumentalaren xedea da aktibistek eta Siriako biktimen familiek herrialde horretan gobernuak zibilen kontra baliatzen dituen torturak salatzeko nazioartean egiten duten lana ikusaraztea. Proiekziora joan nahi duten guztiek sarrera doan eskuratu dezakete Amaia KZren webgunean. Horrez gain, Luis Marianoko turismo-bulegoan ere eskura daitezke, eta Amaia KZko txarteldegian, ekitaldia baino ordubete lehenagotik hasita, baldin eta lekurik geratzen bada.