Udal diru laguntzak ostiraletik aurrera ahalko dira eskatu
Alor desberdinak sustatzeko deialdiak zabaldu ditu udalak. Hilabete bateko epea zabaldu dute eskabideak egiteko, ostiraletik aitzina.
Irungo Udalak jakinarazi du dagoeneko argitaratu dela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2024ko Dirulaguntzen Deialdi Orokorra. Beraz, etzi, hilak 12, eskabideak aurkezteko epea irekiko dute eta hilabete batez egongo da zabalik, eskabideak aurkezteko epe luzeagoa duten diru laguntza lerroen kasuetan izan ezik.
Deialdi orokorrean jasotako diru laguntza lerroak alor desberdinei zuzendutakoak dira, hala nola, gizarte-munduan programak eta beste jarduera batzuk egitea, euskara sustatzea, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzea, etxebizitzetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzea, merkataritza digitalizatzea, garapenerako lankidetza, kultur, hezkuntza eta kirol jarduerak garatzea eta auzoetan auzo-elkarteen bidez ekimenak bultzatzea.
Onartutako diru laguntza lerroen dokumentazio eta baldintza guztiak, udalak eskaintzen dituen gainerako laguntzekin batera, eskuragarri daude udalaren orrialdean, zehazki, Laguntzak eta diru laguntzak deituriko atalean.