Amaia KZko erakusketa gelan etenik ez izatea nahi du udalak
Apirilean Jose Manuel Abalos margolariaren lana egongo da ikusgai. Maiatzean, berriz, udal marrazketa eta pintura akademiako ikasleena. Erakusketak "modu jarraituan" programatu nahi ditu udalak.
Amaia KZko erakusketa aretoan “modu jarraituan” erakusketak antolatu nahi dituztela adierazi du gaur Nuria Alzaga Kultura ordezkariak. Bide horretan, hilabete bat iraungo du erakusketa bakoitzak eta gaurkoan apirilean eta maiatzean ikusgai egongo direnak aurkeztu dituzte.
Apirilaren 12tik maiatzaren 5era bitartean, Jose Manuel Abalos margolariaren Bizitza olatu artean erakusketaren txanda izango da. Irekiera egunean artista egongo da eta berak gidatuko du saioa, 19:00etatik aurrera. Erakusketan 40 margolan eta grabatu baino gehiago ikusiko ahalko dira.
Bi bisita gidatu antolatu dituzte erakusketan sakondu ahal izateko. Aurrenekoa apirilaren 13an izango da, 19:00etan, eta Abalos bera nahiz Iñaki Moreno Ruiz de Egino artistak zuzenduko dute. Geroago, maiatzaren 4ean, Abalosek beste bisita gidatu bat eskainiko du, 19:00etan ere. Gaztelaniaz izango dira biak ala biak eta ez da izenik eman beharko.
Bestetik, maiatzaren 17tik ekainaren 2ra udalaren marrazketa eta pintura akademiako 60 ikasleren lanak egongo dira ikusgai. 2023-20224 ikasturtean egindako lanak izango dira, eta besteak beste, Nestor Basterretxearen Gernika 50 lanean inspiratutako ariketa bat erakusgai jarriko dute.
Akademiako ikasleen lanak proiektuen arabera sailkatu dituzte. Bide horretan, irudikapen naturalistako ariketak eta proposamen esperimentalak ikus daitezke. Askotariko prozedurak eta teknikak erabiltzen dituzte, hala nola, olio pintura, arkatza, akrilikoa, argizariak, ikatz ziria, akuarela etab. Hiru dimentsioko lanak ere egongo dira.
Ikasturte amaierako erakusketa hau asteartetik larunbatera egongo da zabalik, 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara. Irekiera egunean, gainera, bisita gidatu bat eskainiko dute.