Hondarribiak berdintasun teknikaria du
Joan den astean hasi zen lanean Hondarribiko Udaleko lehen Berdintasun teknikaria.
Hondarribiko Udal egitura indartzen ari da. Joan den astetik langile berri bat du udalak, orduantxe hasi baitzen lanean, estreinakoz, lehen Berdintasun teknikaria. Bere egitekoa “emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzea” izanik, beste egitekoren artean, Berdintasun plana berritzeaz arduratuko da. Hala iragarri zuen atzo Abotsanitzek beren sare sozialetan.
Ia 10 urte pasa dira Abotsanitz udal hauteskundeetara aurkeztu zenetik. Hasieratik herri plataformaren lehen lanketetako bat Hondarribian berdintasun teknikari baten premiari erantzutea zela gogoratu dute. “Horretarako, diru-partida bat ateratzea eskatu izan dugu behin eta berriz, baina sistematikoki atzera bota zigun aurreko udal gobernu jeltzaleak, lehentasuna ez zelakoan”. Haatik, atzo “pozarren” eman zuten albistea.