Ijitoak euskal "kultura mosaikoaren" parte direla aldarrikatu dute
Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa eta herriaren bandera jarri dute udaletxean. Horrez gain, aretoa lepo, komunikatua irakurri dute Kera eta Kale Dor Kayiko ijito elkarteek.
Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa, “harro egoteko, aitortzeko eta gure kultura nortasuna aldarrikatzeko” eguna, eta Irungo udaletxean izan dira Kale Dor Kayiko eta Kera Irungo ijito elkartetako Antonio Dual eta Palmira Dual bozeramaile eta lehengusuek. Haiekin batera Nuria Alzaga Gizarte Ongizateko ordezkaria egon da.
Herri ijitoko kide asko bertaratu dira gaurko komunikatuaren irakurketara, baita ere ondoren segidan egin den ijito herriaren bandera udaletxean jartzeko ekitaldira. Urteak dira ijito herriaren bandera Irungo udaletxean jartzen ez zela. Aukera probestu dute gogoratzeko Euskal Herriko eta munduko “kultura mosaikoaren” parte direla, eta aldi berean, “historia eta kultura propioa” duen herria dela nabarmendu dute. “Harrotasunerako eta ospakizunerako” eguna dela diote eta haien ahotsa aldarrikatu eta burua altxatu nahi izan dute gizarteari ikusarazteko eta gogoratzeko “lur honen parte” direla.
Mendeetan zehar jasan duten jazarpena izan dute hizpide eta oroitu dute Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian 200 lege baino gehiago onartuak izan direla ijitoen aurka. “Mihia moztu zaigu gure hizkuntza hitz egin nahi izateagatik, daukaguna, erromantxera, eta zoritxarrez hemen galduta dagoena”. Galtzearen arrazoia “desberdin janzteagatik eta pentsatzeagatik” dela diote, baita ere “ospakizun propioak izateagatik, geure tradizioengatik”.
Abusu “jasanezinak” salatu dituzte eta horiek egungo egoerara eraman dituztela diote, “erresistentziari esker, Romani erresistentziari esker, gure kultura, gure herria bizirik mantentzea ahalbidetu digutenak”.
Ijito herriaren batasunari buruz lehengusuek gogoratu dute duela 53 urte bildu zirela lehenbiziko aldiz gaurko egunez munduko ijitoak Ijitoen I. Mundu Batzarrean. Londresen izan zen, 1971ko apirilaren 8an, eta bertan herri identitaterako hainbat erabaki hartu zituzten. Esaterako, haien ereserkia Djelem Djelem izatea, erromantxerazko Rom hitza (pertsona askea) erabiltzea haien burua eta herria definitzeko, eta haien bandera zein izango zen definitu zuten.
Ereserkiari buruz azaldu dute Jarko Jovanovic musikari ijito jugoslaviarrak idatzi zuela gogoratu dute: “Gure kultura bizirik mantendu duen gure izaera ibiltari eta nomadari eta gure herriaren genozidioari egiten dio erreferentzia, bigarren mundu gerran porraimos. Ereserki honek erromatar herriaren jazarpena gogorarazten du nazien tropen aldetik“.
Ijito herriaren banderak bi zerrenda ditu. Goikoa urdina da eta zerua ordezkatzen du, haien sabaia dena. Beheko lerroa berdea da, ijitoen zorua izan dena. Erdian, gurpil gorri bat, munduan zehar eraman diena Indiatik. Isuritako odola ordezkatzen du ere gurdiaren gorri koloreak, bandera indiarraren erradio berberekin haien jatorria oroitzeko.
Euskal gizartearen pertzepzioa
Euskal gizarteak ijitoekiko eta ijito herriarekiko duen pertzepzioa neurtu du Eusko Jaurlaritzaren Neurtu 2022 azterlanak. Dual lehengusuek adierazi dute ikerketarekin “agerian” geratu dela ijito herriarekiko “errezeloa, mesfidantza eta arbuioa”, nahiz eta inkestatutako pertsonen %91,2k aitortzen duen ijitoekin ez duela inolako harremanik edota oso gutxi duela.
Era berean, gizartearen %89 baino gehiagok diote “nahiago” duela pertsona, “jatorri, kultura, sinesmen, orientazio eta nortasun askotako” gizarte batean bizi. Gizartearen %79,5k uste du aniztasuna ikasgeletako irakasgai behar duela izan. Errealitate honi so, Irun “justuagoa, kulturartekoa, askotarikoa eta errespetuzkoagoa” eraikitzeko gonbita egin dute, “elkar aberastu ahal izateko”.
Ijito nortasuna errespetatzea eta gainontzekoek duten aukera berdina izatea galdegin diote gizarteari. “Gure Romanipen (identitatea) eutsi nahi dugu, eta ijito izaten jarraitu, harrotasunez eta duintasunez”. Aitortza eta errespetua ez dela homogeneoa salatu dute: “Ijito guztiak ez gara berdinak, eta bidegabeki orokortutako estereotipoak eta aurreiritziak, eta gehienetan gizarte bazterketarekin eta marjinalizazioarekin lotutako egoeretatik datozenak, min handia egiten digute eta nahi dugun eraldaketan aurrera egitea eragozten digute”.
Bi elkarteek ijito herriaren historia, kultura eta nortasuna ikusarazteko jarduerak egiten dituztela nabarmendu dute, errekonozimendu soziala lortzeko bidean eta gizartetik baztertzen dien desberdintasunak gainditzeko oinarri moduan. Elkartearen lanari esker elkar ezagutzen direla eta aitortza lortzeko elkar laguntzen direla esan dute, “Irun benetan inklusiboa izateko, non herritar guztiek aniztasuna eta bizikidetza normaltasunez biziko dituzten”.