Eragileak eta instituzioak eskutik, indarkeria matxistaren aurka
Herriak, ostegunean izandako eraso matxistari erantzun diola esan du alkateak, "herria harresi bat da eta Hondarribian ez dugu eraso matxistarik nahi, ezta jazarpenik ere".
Herenegun Hondarribian izandako eraso matxista salatu dute gaur herritarrek. Atzo eman zuen eraso matxista horren berri udalak, eta gaur arratsalderako elkarretaratzera deitu. Emakumeen aurkako indarkeriari ez eta Iraultza feminista leloa zuten bi pankarten atzean Igor Enparan alkatea, Estitxu Urtizberea (Abotsanitz), Alaitz Zabala (EAJ) Garoa Lekuona (EH Bildu), Noemi Odriozola (PSE-EE), Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Emeki Emakume taldeko ordezkariak. Horiekin batera azken eraso matxista salatzeko hamarnaka herritar. Martxoak 8 plazan egin dute protesta azken eraso matxista salatzeko 18:30ean.
Elkarretaratzea txalo artean bukatu dute. Orduan egin ditu adierazpenak Enparanek. Herriak, ostegunean izandako eraso matxistari erantzun diola esan du alkateak, “herria harresi bat da eta Hondarribian ez dugu eraso matxistarik nahi, ezta jazarpenik ere, eta gaur ikusi da ostegunean gazteen artean gertatutako liskar haren ondotik, beste behin ere Hondarribia kalera atera dela esateko ez duela halako jarrerarik onartzen, ez hemen ez inon, ez hondarribiarra izan ezta Hondarribira bisitan datozenen artean ere”.
Balioan jarri du Enparanek, gaurko elkarretaratzean herri eragileak, eta instituzioak berak ere —udala zein aldundia— herritarrekin bat egin izana “herri harresia osatzeko”, eta konpromisoa berretsi du “lanean jarraitzeko elkarrekin” halakorik berriro gerta ez dadin.
Nabarmen jarri du gainera, osteguneko eraso matxista gertatzeko unean udaltzain laguntzaileek izandako “jarrera eta jokaera” gertatutakoaren aurrean. Argi adierazi du, haien esku hartzea “erasoa larriagoa” izan ez zedin “ezinbestekoa” izan zela: “Zerbait larriagoa izan zitekeenaren aurrean, momentuan izan zuten erantzuna goraipatu nahi dut”.
Kezkari ere egin dio tarte alkateak: “Kalean gertatu izanak eta gazte jendearen artean, kezka piztu, eta gaiarekin lanean jarraitzeko beharra jarri du nabarmen, bai gizarte bezala, baita erakunde gisa ere. Kontzientziazioa lantzea eta tresnak jartzea dagokigu horrelakorik gertatu ez dadin”.