Cristina Laborda: "Hunkigarria izan da egun hauetan hiria ezin gehiago gozatzen ikustea"
Itzulia Irunen hasi zenetik egun batzuk igarota "balorazio positiboa" egin du udalak.
Itzuliak mendeurrena bete duen honetan Irun izan da 2024ko edizioaren abiapuntua. Lehen egunean 10km-ko erlojupekoa burutu zuten. Irungo erdigunetik abiatu, Olaberria auzotik igaro eta berriz irunen amaitu zuten. Primoz Roglic Bora taldeko txirrindulariak eskuratu zuen garaipena. Bigarren egunean ere Irundik abiatu ziren, kasu honetan Behobiatik. Etapa Kanbon amaitu zuten 160km-ren ondoren. Paul Lapiera txirrindulari frantziarrak irabazi zuen.
Bi egunetan “giro paregabea eta ahaztezina” sortu zen hirian. Hala esan du Irungo Udalak. Munduko txirrindulari onenak ikusteko aukera izan baitzuten irundarrek. Era berean, balorazio positiboa egin du udalak, “hiriak bere aurpegirik onena erakutsi du” esan dute. Irungo alkateak bere aldetik “pozik eta harro” hitz egin du Itzuliak izandako “arrakastaz”: “Hunkigarria izan da egun hauetan hiria ezin gehiago gozatzen ikustea”. Borja Olazabal Kirol zinegotziak, berriz, denen arteko elkarlana nabarmendu du. “Ezinbestekoa izan da denok elkarlanean aritzea, ahalegin handia egin behar izan da, baina merezi izan du”.
Itzuliaz gain, astebururako beste hainbat ekitaldi antolatu zituen udalak. Besteak beste, ‘Club Ciclista Irunés’ txirrindulari elkartearekin elkarlanean erlojupekoaren ibilbidean barrena egindako paseoa. 40 pertsonek parte hartu zuten bertan, “eguraldi txarrari aurre eginez”.