Larunbatean, Irun errugbiaren hiriburu
Txingudi Rugby Club taldeak errugbi eskolen arteko nazioarteko topaketa antolatu du goizerako, eta festa arratsalderako.
Biok Experimetal Shopping Txingudi Badia errugbi eskolen nazioarteko topaketa antolatu du larunbaterako Txingudi Rugby Club (Txingudi RC) taldeak. Goizean (10:00etatik aurrera), Plaiaundin, 200 bat errugbi jokalariren partidak izango dira. Arratsalderako, berriz, erdigunea girotuko dute kirolariek festa kutsuko ekitaldiekin. Iniziaribaren bigarren edizioa da. “Txapelketa hau berriz ere ospatzea gure eskolaren osasun onaren adierazgarri da. Pasa den urteko topaketak ekarpen handiak izan zituen guretzako, eta ildo beretik jarraitu nahi dugu, ekitaldi hau gero eta handiagoa eginez pixkanaka”, adierazi dute Txingudi RCren eskolako arduradun Iñigo Aizpuruak eta Xabi Sanchezek. Kirol hori gustuko dutenei, nahiz ezagutu nahi dutenei hurbiltzeko deia egin diete.
Bidasoko klubeko kideek adierazi dute 400 lagun inguru espero dituztela hirian larunbaterako. Izan ere, jokalari gazteez gain, haiekin guraso eta laguntzaileak iritsiko baitira. Honakoak izango dira Plaiaundin jokatuko duten taldeak: Menditarrak (Baztan, Nafarroa), Soragazteak (Arrasate), Izarra (Sara, Lapurdi), Emak Hor (Arrangoitze-Basusarri, Lapurdi), RC Rioja (Errioxa, Espainia), RGC Covadonga (Asturias, Espainia) eta Rugby Union Norte (Kantabria, Espainia). Nola ez, etxeko klubeko kideak ere izango dira topaketan.
Hala, haien artean, denak denen kontra, 9 minutuko partidak jokatuko dituzte, eta horiek bukatzean sariak emango dizkiete errugbizale gazte den-denei, txapelketa ez baita lehiakorra izango. Iñigo Aizpurua: “Jokalariek, entrenatzaile, epaile edo gurasoek errugbiaren beste errealitateen inguruan ikasteko balio digute horrelako topaketek, partidak irabazi ala galdu ez da garrantzitsua”. Girorik ez da faltako zelaian, Oiasso txarangak baloi obalaren festari doinua jarriko diolako. Horrez gain, txikienentzako haurtxokoa izango da, taberna jarriko dute, eta material salmentarako postuak ere atonduko dituzte.
Biok da topagunearen babesle nagusia. Aldi berean, Artiach, Lacturale eta Pasquier Recondori ere eskerrak eman dizkiete antolatzaileek emango duten laguntzagatik.
Arratsaldean, erdigunera
Goizeko partiden eta bazkaltzeko tartearen ondoren, arratsaldean hiriaren erdigunera ekarriko dute errugbiaren festa Txingudi RCkoek. Hala, 17:00etan Luis Marianoko Marrubi gozo-dendaren paretik kalejira egingo dute Kale Nagusirantz, erdialdea girotzeko. Han, errugbiaren ezaugarri den hirugarren zatia egingo dute.