EAJ: "Gobernu taldeak ez ditu Mendeluko bizilagunak merezi bezala artatu"
Uholdeei aurre egiteko prebentzio-neurriak eskatzeko Mendelu auzoko 130 bizilagunek idatzi bat sinatu zuten otsailean. Jeltzaleen ustez Udal Gobernu Taldeak eman duen erantzuna "ez da egokia izan".
Otsailean marea biziek udalerriko zenbait puntu urpean utzi zituzten eta hurrengo hilabetean, martxoan, aurreikusita zeuden marea biziek Josu Langile ingurua urez bete ez zezaten Mendelu auzoko 130 bizilagunek prebentzio neurriak eskatzeko idatzi bat sinatu eta Hondarribiko Udalera helarazi zuten.
Hondarribiko EAJren ustez gobernu taldeak Mendeluko bizilagunei emandako erantzuna “ez da egokia izan”. Izan ere, auzotarrek sinatutako idatziaren aurrean “gobernu taldeko ordezkaririk egoera aztertzera azaldu ez” zela deitoratu eta “erantzun bakarra” alkatetza dekretu bat izan zela esan dute, “eragindako pertsonekiko distantzia eta hoztasuna erakutsiz”.
Egoera horretan oposizioko taldeek premiazko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu zutela adierazi dute jeltzaleek, adibidez, hondar zakuak jartzea. Iragan asteko udalbatzan (martxoak 27) hondar zakuak erosteko eta banatzeko prozesua martxan jarriko dutela jakinarazi zuen gobernu taldeak, eta erabaki horregatik poztu diren arren erreakzioa “berandu datorrela” uste dute. Hortaz gain, klima aldaketak Hondarribiko hainbat eremutan duen eraginari buruzko azterlan hidrologikoak egitea beharrezkoak direla nabarmendu dute eta horiek kontratatzeko erabakia babestu dute jeltzaleek.