"Lehen arreta dago erreta"
Lehen arreta zerbitzua hobetzeko eta pribatizazioaren aurka egiteko azken aurreko kontzentrazioa egin du gaur Osasun Bidasoak Hondarribiko Anbulatorioaren atarian.
Osasun Bidasoak martxoaren 12an iragarri zuen hainbat mobilizazio egingo zituztela. Eskualdeko lehen arreta zerbitzua zein Bidasoko ospitaleko ebakuntza gelen obren aferari irtenbidea eman beharrean beharrean egoerak okertzen diharduelako. Gaur eguerdian, 14:00etan, Hondarribiko Anbulatorio atarian kontzentrazioa egin dute. “Pribatizaziorik ez”, “lehen arreta dago erreta” edo “osasun etxea ez itxi” bezalako lemak oihukatu dituzte herritarrek plataformako kideekin batera.
Osasun Bidasoak martxoan egin zuten prentsaurrekoan egoeraren azken diagnostikoa azaldu zuten. Bidasoan larrialdi zerbitzuetako txanda batzuk medikurik gabe izaten ari dira. Arazoa da, erizainek ez dutela legez eskumenik paziente bat medikalizatzeko eta larrialdi egoera baten aurrean “arriskutsua” izan daitekeela ohartarazi zuten. Urologian, bestetik, urologorik gabeko egunak daude, edota urologo bakarra dagoena, hau da, ez dago urologia zerbitzurik antolatuta. Beste zerbitzuei erreparatuta, traumatologian mediku guztien plazak (12) beteta daudela baieztatu zuten, baina ez dutela kontsultak egiteko lekurik. Ospitaleak lau unitate ditu eta ebakuntza gelak handitzeko plana medio, Osasun Sailak unitate bateko ohe guztiak kentzeko asmoa duela azaldu zuten eta unitate hori desagertzeak ohe kopurua hazteko badaezpadako zerbitzua kentzea ekar lezakeela deitoratu zuten. Azkenik, ebakuntza gelen plana geldituta dagoen bitartean espazio faltarekin segitzen dutela adierazi zuten eta espazioaren inguruko datuak eman zituzten.
Aipatutakoak eta beste zenbait arazo azaleratu eta mobilizazioak deitu zituen Osasun Bidasoak. Gaurko kontzentrazioaren ondoren, hilaren 9an egingo dute azken elkarretaratzea Bidasoa Ospitalean. Azken mobilizazioa, berriz, apirilaren 13an egingo dute, manifestazioa San Juan plazatik abiatuta.