'Krea Bidasoa' 450 pertsona baino gehiagoren topagune
Topaketak, hitzaldiak, tailerrak eta beste hainbat jarduera antolatu zituzten Krea Bidasoaren 15. ediziorako.
Atzo izan zen Krea Bidasoaren 15. ekitaldia. 450 pertsona baino gehiago bildu ziren bertan harremanak sustatzeko. Aukerak identifikatzeko eta pertsona ekintzaileen, enpresen eta erakunde publiko eta pribatuen arteko esperientziak ezagutarazteko gunea izaten da. Krea Bidasoaren aurtengo leloa ‘Konektatzen dugun lekuan’ izan da, hori baita topagunea hobekien deskribatzen duen ezaugarria.
‘Konekta zaitez zure enpresa ingurunearekin’ topaketa, ‘Konekta zaitez zure bezeroekin’ hitzaldia, adimen artifizialaren inguruko tailerrak edota Hackathlon ‘Start Ekintzaile’ Farmer Fish Challenge jarduera dira bertan eskaini zituzten ekintzetako batzuk. Gainera, First Pitchen edizio berri bat egin zuten. Irun eta Hondarribiko 6 proiektu aurkeztu zituzten: Mirimeba Desing, Varos Arte & vidrio; Mimoxa Handmade, Raúl Fructuoso fisioterapeuta, Debora Pereira Studio eta La Cuscusita.
Dagoeneko Krea Bidasoaren 15 edizio egin dira eta, urtez urte, hasierako helburua betetzen doazela esan zuen Cristina Laborda Irungo alkateak. Igor Enparan Hondarribiko alkateak erakundeak elkarlanean aritzeko eta eskualdeko enpresa guztiei laguntzeko daudela nabarmendu nahi izan zuen, eta Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirik-eko presidenteordeak, bestetik, eskualdean urtero enpresa berriak sortzen direla eta hori Irun eta Hondarribian dagoen “ahalmen berritzaile eta ekintzailetzaren” erakusle dela esan zuen.