Harro egin dute bidea herriko txikiek
Euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko Korrika Txikian parte hartu dute Hondarribiko hiru ikastetxeetako ikasleek.
Hiru egun besterik ez zaizkio geratzen korrikari; igandean Baionara helduko da. Bien bitartean Korrikak presente jarraitzen du herrian. Goizean goiz herriko txikienen artean urduritasuna nabaria zen, gaur euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko txikien eguna baitzen.
Korrika Txikia Arma Plazatik irten da goizeko 10:00ak puntu puntuan. Hiru eskoletako ikasleek ibilbidean zeharreko puntu ezberdinetan egin dute bat Korrika Txikiarekin. Eskola bakoitzeko ikasleek poz-pozik eta ilusioz bixi egin dute korrika euskararen alde. Talaia eskolakoak urdinez irten dira, Egiluze ikastetxekoak zuriz eta Ama Guadalupekoa ikastetxekoak, berriz, berdez. Hurrenkera berean aldatu dute lekukoa eskuz esku.
10:30ean iritsi dira Santa Maria Madalena plazara. Oholtza gainean Garoa Lekuona euskara zinegotzia zegoen ikasleen zain. Harekin batera “Hondarribian ere euskaraz” oihukatu dute indarrez plazan zeuden guztiek. Lehenik, Korrikaren funtzionamendua azaldu die ikasleei, “gu lotan gaudenean ere badago jendea lekukoa eramaten”. Korrikak euskararen alde egin eta “euskaraz bizi nahi dugula” adierazten duela esan du eta Hondarribian ere hori nahi dutela. Azkenik, eskerrak eman dizkie pankarta eraman dutenei, lekukoa eraman dutenei, bertaratu direnei eta ikastetxeetako arduradun eta irakasle guztiei “halako mimoz eta goxotasunez prestatzeagatik egun hau”. Jarraian, Hugok, Maddik eta Iratik, hiru ikastetxeetako ordezkari gisa, hurrengo testua irakurri dute:
“Harro eta herri. Hitz pare horrek Euskal Herri euskaldunaren ideia margotzen du. Harro gara bai, taldea, herria garelako. Beraz, ekin, euskaraz egin. Harro, konplexurik gabe. Orain da jolas eta solas egiteko unea. Partida irabazi behar dugu Euskal Herri osoan, herritar guztiok eroso bizi ahal izateko. Harro, baina ez konforme! Ikasle izan harro. Euskaldun izan harro. Haur eta gazte izan harro. Izan ‘Harro Herri’. Saltoka, dantzan zein kantuan baliabide anitzekin eta guztiok euskaraz eginez. Euskara da gure jolasik onena. Euskarak mugitzen du Korrika eta Korrikak mugituko du euskal komunitatea. Hortzak erakutsiko ditugu; bidea egiteko eta harro bai, baina konforme ez gaudela erakusteko. Ez gara jaitsiko. Harro herri irri!”
Eguna amaitzeko, ‘Gora bihotzak’ leloa duen erromeriari hasiera eman diote, “ondo pasa nahi dugulako euskaraz”.