Hondarribia Eskubaloiak zuzendaritza talde berria du
Juan Luis Silanes da Hondarribia Eskubaloi klubeko presidente berria. Berdintasunean oinarritutako eskubaloi talde euskaldun baten aldeko apustua egin dute.
Hondarribia Eskubaloi Klubak iaz berritu zuen zuzendaritza taldea. Aurkezpen ofiziala, ordea, atzo egin zuten Hondartza Kiroldegiko instalakuntzetan. Batzorde berria Juan Luis Silanes presidenteak, Ainhoa Larrartek, Beñat Emazabelek, Joseba Sanchezek, Javi de la Hazak, Gorka Galeak, Ander Elizaldek eta Mertxe Tifek osatzen dute, eta hasieratik, hainbat ekintza gauzatu dituzte. Hala nola, hiriko haurrekin ekitaldiak edo CD Bidasoako jokalarien bisitak eskoletara.
Helburua argi dute: kluba haztea, kirola osasungarria dela zabaltzea, lehen taldearen bidez, eta emakumeen eskubaloia sustatzea. Azken hori egikaritzeko plan bat prestatu du zuzendaritza taldeak Hondarribia Eskubaloi eskolako emakumezkoen lehen taldearekin elkarlanean. Ildo berean, berdintasunean oinarritutako eskubaloi talde euskaldun baten aldeko apustua egin dutela adierazi zuten.
Harremanak CD Bisasoarekin
Ricardo Fernandez Hondarribia Eskubaloi taldeko presidente zela CD Bidasoarekin hitzarmen bat sinatu zuen. Hitzarmen hura 2003an bertan behera geratu zen. 2019ko abuztuaren 20an harremanak berreraiki eta hitzarmen berria sinatu zuten, egun indarrean jarraitzen duena. Hala, Hondarribia Eskubaloi kluba CD Bidasoaren harrobi ofiziala bihurtu zen. Harremanak estu jarraitzen duela adierazteko Gurutz Aginagaldek bat egin zuen aurkezpenarekin. “Urte batzuk daramatzagu bi klubak elkarrekin lanean eta talde berri honekin aurrera pausoak ematen jarraituko dugu. Esan zuen Aginagaldek.