"Balio handia du Euskal Herriko Itzulia Irunen hasteak"
Irunek Euskal Herriko Itzuliaren hasiera jasoko du apirilaren 1ean hamar kilometroko hiri erlojupeko batekin, eta lehen etaparen ibilbidea Juanma Garatek diseinatu du. Irundarra, gainera, lasterketan izango da Education First taldeko zuzendari lanetan.
Irundarra izanik, zer da zuretzat Euskal Herriko Itzulia zure hiritik ateratzea? Berezia izango da, ezta?
Oso berezia da, bai. Urte asko dira txirrindularitzan murgilduta nagoela, lehenik txirrindulari gisa eta orain zuzendari lanetan, eta aukera izan nuen Irungo erdialdean bukatu zen Euskal Herriko Itzuliko etapa bat lehiatzeko. Txirrindularitza nire hirira iristea ilusio handiko gertakaria da niretzat; are gehiago Itzulia izanik, nazioarteko egutegian garrantzia handienetakoa duen proba baita. Oraingoan, Irunek Itzuliaren hasiera jasoko du hiri erlojupeko batekin, eta hau ez genuen inoiz aurrez egin. Niretzako oso hunkigarria eta handia da apirilaren 1ean bertan egon ahal izatea eta hiri osoa txirrindularitzaz zipriztinduta ikustea.
Lehen etapa Irunen barrena ibiliko den hamar kilometroko hiri erlojupeko bat da, eta zuk diseinatu duzu. Zer izan duzu kontuan ibilbidea zehazteko garaian?
Itzuliko antolakuntzak lasterketari zentzua ematea bilatzen du, eta erlojupekoa sei etapako multzo baten barruan kokatuta dago. Alde batetik, ezin duzu lasterketa osoa blokeatuko duen erlojupeko bat osatu; eta bestetik, Itzuliaren hasiera jasota hiriak zeresana badu, eta interesekoa izan daiteke gauza bat ateratzea edo ez. Hasieran zirriborro bat egin genuen, baina logistika aldetik zaila zen ibilbide hori egikaritzea. Udalarekin ere hitz egin nuen jakiteko hiriko zein puntu izan zitezkeen esanguratsuenak. Kolon hiribidea Irungo kale nagusia da, eta gune horrek etaparekin zerikusia izan behar zuen; baina lasterketa Kolonetik pasatzeak beste gauza asko egiteko baldintzatu gintuen. Horregatik, erabaki dugu parkinga Kolonen kokatzea, jendeak ikus dezan nolakoa den World Tourreko [txirrindularitzako maila gorena] parking bat.
Erlojupekoaren irteera Luis Marianotik izango da, eta Kale Nagusitik, San Martzial aldapatik edo San Juan plazatik pasa nahi genuen. Osagai horietatik abiatuta, luzeegia, gogorregia eta teknikoegia ez zen ibilbide bat osatzeari ekin genion, eta zortea dugu Olaberriara jota, 10 kilometroko ibilbidea geratzen zitzaigula. Uste dut lasterketarentzako distantzia egokia dela, eta hirian bilatzen genituen baldintzak jaso ditugu.
Zein motatako txirrindularientzat da aproposa erlojupekoa?
Uste dut erlojupekoa txirrindulari indartsuentzat dela egokia. Ez da aproposa igotzaileentzat edo arriskatu nahi dutenentzat. Sekretua da ibilbidearen lehen kilometroan ez arriskatzea. Hasieran tentuz jokatzeko eskatuko nuke, lehen kilometro hori, Gipuzkoa hiribidera atera artekoa, bihurgune askokoa baita. Hor ez da erlojupekoa irabaziko, eta gakoa da hasieran kontuz ibiltzea, ondoren 9 kilometroko ibilbide egokia baitago helmugara iritsi arte.
Nolakoa izan da zuretzat lehen etapa horren ibilbidea osatzea?
Zonalde guztia ezagutzen dut, eta errazagoa da ibilbide bat imajinatzea. Horrez gain, partekatzen nituen baldintza batzuk bete behar izan ditugu: txirrindularitza hirian izatea. Ezin genuen hiriaren kanpoaldean hasi eta bukatu, jendea ez delako gerturatuko. Premisa horretatik abiatuta dena askoz errazagoa izan da puntu estrategikoak kokatzerako garaian.
Esan duzu gakoa dela hiritarra izatea jendeak lasterketa ikusteko. Zein puntu gomendatzen dituzu etapa jarraitzeko?
Jendeari gomendatuko nioke Kolonera gerturatzea, bertatik bertara ikusiko baitute taldeek dauzkaten azpiegiturak. Taldeek autobusak eta kamioiak izango dituzte bertan. Etapa ikusteko erakargarria den puntu bat badagoela uste dut: Kale Nagusira sartzeko kurba. Bertatik ere San Martzial aldapara joan zaitezke helmuga ikusteko. Gehiegi mugitu gabe, parkinga eta intereseko bi puntu horiek ikus daitezke.
Nola geratuko litzateke Juanma Garate diseinatu duen erlojupekoan? Egokia litzateke berarentzat?
Ez da erlojupeko aproposa Juanma Garaterentzat [barrez]. Lehiatu behar nituenean, ez nintzen gaizki moldatzen, baina apirilean udaberriko alergiekin asko sufritzen nuen eta kostako ibilbideetan beti gaizki pasa izan dut. Itzulia ez da izan nabarmendu naizen lasterketa bat.
Bigarren etapa ere Irundik aterako da. Bi egunez goi mailako txirrindularitzaren epizentro bihurtuko da hiria. Zer suposatzen du horrek?
Euskal Herrian ohituak gaude txirrindularitza ikustera eta gertutik bizitzera, are gehiago Frantziako Tourraren etorreragatik. Euskal Herriko Itzulia nazioarteko egutegiko proba esanguratsuenetako bat da, eta esango nuke Itzulia Irundik ateratzea futboleko Txapeldunen Ligako partida bat Galera ekartzearen parekoa dela. Balio handia du Itzulia Irunen hasteak, hiriari aukera emango baitio goi mailako txirrindularitza bizitzeko.
Zer dela eta hautatu dute Irun hasiera izateko? Zer du Irunek?
Itzuliak lasterketa jasotzeko prest dauden udalak bilatzen ditu. Irun txirrindularitzak ematen duen ikusgarritasunagatik apustu egiten ari da. Ziklismoak ez du inbertsio handia suposatzen; ez da estadiorik edo errepiderik alokatu behar. Inbertsioa urria da, eta errentagarritasun publizitario handia du. Irun ez da hiri turistikoa, baina Itzuliak jendea erakarriko du hirira. Ikuspuntu ekonomikotik inpaktu positiboa izango du, baina batez ere hiria ezagutarazteko eta mapan kokatzeko balioko du. Itzulia herrialde askotan botako da telebistaz, eta Irungo erlojupekoa ordu askoz egongo da zuzenean. Uneoro zure hiria protagonista izatea erakusleiho ona da.
Zu lasterketaren parte izango zara, Education First taldeko zuzendaria baitzara. Nola dago taldea lasterketara begira?
Gure taldea ez da Itzuliaren garaipenaren lehian izango. Gure txirrindulari esanguratsuenak, Richard Carapazek, erorikoa izan zuen Tirreno-Adriatico lasterketan, eta duda izango da Itzulirako. Hala ere, etapen lehian egongo den taldea dakargu. Etapak ez dira mendateetan bukatuko, eta horrek bide emango du mugimendu gehiago izateko eta ihesaldiak sortzeko. Uste dut hor nabarmendu gaitezkeela. Lasterketaren zama ez da guregan egongo, faborito nagusiengan izango da. Asebeteta joango nintzateke etapa bat irabazten badugu eta txirrindulari bat sailkapeneko lehen bost postuetan sartzen badugu. Nahiko anbiziotsua da, baina saiatuko gara.
Zer-nolako taldea dakarzue?
Tropeleko txirrindulari gazteena izango dugu, junior mailatik datorren Markel Beloki. Andrey Amador ere Itzulian izango da, bera da taldeko txirrindulari beteranoena. Beharbada baja esanguratsuak izango ditugu, Rigoberto Uranena eta Carapazena esaterako. Haiek dira ditugun txirrindulari adierazgarrienak. Uran gripearekin dago eta ez dakigu garaiz osatuko den, eta Carapazek erorikoa izan zuen eta ez dago sasoi onenean.
Zein dira finkatu dituzuen helburuak?
Erlojupeko ona egiten saiatuko gara, baina ez dugu igotzaile, esprinter ezta erlojupeko espezialista onena ere. Horren aurrean gure aukerak bilatzen saiatuko gara. Gakoa izango da aurrea hartzea, erlojupekoan denbora asko ez galtzea eta lehiakor izatea batez ere azken egunean, Esteban Chaves onenekin izateko eta sailkapeneko lehen bost postuetan kokatu ahal izateko.
Nolako lasterketa espero duzu?
Irekia egotea espero dut. Erlojupekoan aldeak izango dira, baina ez handiegiak faborito nagusien artean. Etapak ez dira mendateetan bukatuko, eta izango diren denbora sariek garrantzia handia izango dute. Uste dut ihesaldien bidez garaipena lortzen ahaleginduko direla hainbat, baina pelotoiak ihesaldi horiek kontrolpean izan nahiko ditu denbora sarien lehian egoteko. Lasterketa taktikoa izango da.
Bizikleta gainean hasi zinen, eta gerora autora egin zenuen jauzi. Nola transmititzen duzu zure esperientzia zuzendari zaren aldetik?
Alde batetik, garrantzitsuena da aurrean duzunak ikasi nahi izatea. Entzun eta ikasi nahi badu, errazagoa izango da. Bestalde, hamabost urtez izan nintzen txirrindulari profesional, eta esperientzia hori aprobetxatu nahi dut, baliagarria izan baitaiteke belaunaldi berrientzako. Egungo eta nik lehiatzen nueneko txirrindularitza asko aldatu dira, baina niri ez zait horren urrunekoa egiten. Haiekiko gertukoa izaten saiatzen naiz, eta uste dut ulertzen dudala haiek bizitzen ari diren txirrindularitza.
Zein izan da zure une gorena zuzendari bezala?
Donostiako Klasikoa Neilson Powlessekin irabaztea sekulakoa izan zen. Haurra nintzela Klasikoarekin zaletu nintzen txirrindularitzara. Profesional izanik lehiatu nuen, eta 2007an garaile bezala ageri naiz, nirekin iritsi zena deskalifikatu baitzuten. Zuzendari bezala irabazi ahal izatea ikaragarria izan zen.
Itzuliaren hasierak Irun mapan kokatuko du beste behin. Hori ere garrantzitsua da hirian txirrindularitza sustatzen ari diren talde horientzako, ezta?
Batez ere garrantzitsua da etorkizuneko belaunaldientzako. Txirrindularitza gustuko duten haur eta gazteentzako goi mailako lehia gertutik ikustea bultzada handia izan daiteke. Niri hori 1992ko Frantziako Tourrarekin gertatu zitzaidan. Jaizkibelen eta Donostian izan nintzen eta ikusi nuen nik ere hori egin nahi nuela. Ziklismoa 60.000 biztanleko hiri baten erdialdera gerturatzea eta gertutik ikusi ahal izatea etorkizuneko inbertsioa izan daitekeela uste dut.
Ekainaren 16an Juanma Garate martxa zikloturistaren XIII. ekitaldia egingo da.
Hasieran txirrindulari profesionala nintzen, eta nire ibilbidea aitortzeko antolatu zuten. Erretiroa hartzeko unea gerturatzen hasi zenean, probaren antolakuntza taldean sartu nintzen. Martxa Irunes Txirrindularitza Taldeak antolatzen du, eta txirrindularitza eskola laguntzeko egiten da, haur eta gazteek baliabideak izan ditzaten. Txirrindulari horiei baliabideak eskaini behar zaizkie, eta horrek dirua kostatzen du. Gurasoentzako kostu handia da, eta martxak dirua biltzen du karga ekonomiko hori arinagoa izan dadin.
Nola ikusten duzu txirrindularitzaren egoera Irunen? Juanma Garate berriak ikusiko ditugu?
Kopurutik kalitatea aterako dela uste dut, baina garrantzitsuena da ikustea eskualdean txirrindularitza praktikatzen ari diren gazte asko daudela. Uste dut etorkizunean klubak profesionalizatzeko joera izan behar dela; profesionalizatu hitza kakotx artean erabili nahi dut, ordea. Oso zaila da klub batek monitoreak izatea soilik lan horretara dedikatuko direnak, baina hori da jarraitu beharreko ildoa. Etorkizunak klubak eta pertsonak profesionalizatzeko bidetik joan behar du kalitatezko zerbitzu bat eman nahi badugu.
Aldarrikapen bat ere egin nahiko zenuke, ezta?
Irun hiri handia da, eta kirola praktikatzeko azpiegitura handiak izateko ari dira lanean; baina ez ditugu txirrindularitza praktikatzeko. Txirrindularitza eskolatik egunerokoan ditugun arazoak ikusten ditugu, eta haurrak errepidera atera behar ditugu neguan eta ilunpean entrenatu ahal izateko. Haurrak errepidera atera behar izatea gure eskualdean dugun trafikoarekin ez da erraza. Hiru seme-alabaren aita naizen aldetik ez dakit egingo nukeen. Hiriak inbertsio handia egin du txirrindularitzan, baina uste dut aintzat hartzekoa dela guk ere eremu seguru bat behar dugula txirrindularitza irakasten jarraitzeko. Etorkizunerako planteatzen ari diren azpiegituren artean ziklismoa praktikatzeko pista bat izatea gustatuko litzaidake.