"Osasun mentaleko erietxean hutsune asko daude"
Agifes, buruko gaixotasunak dituztenak eta haien familiarrak laguntzeko elkartea da. Orain artean Donostia zuten egoitza nagusia, baina Bidasoan sare bat indartu nahi dute. Egun, 110 bazkide dituzte eskualdean.
Zer da eta nola dago egituratuta Agifes?
Esme Lopez: Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da Agifes, eta sortu zen behin buruko gaixotasunak dituztenen beharrak identifikatuta. Gaixoez gain, gaixoen familiarrak ere bagara Agifesen parte. Bidasoan 110 bazkide gara, eta bazkidetzak urtean 60 euroko kostua du. Egun, badaude gurasoentzako taldeak, anai-arreben taldeak, eta gaixoen taldeak. Irungoa berezia da, gurasoak eta anai arrebok batera gaudelako. Gurasoen kasuan aita gutxi dira gure taldearen parte, gehienak amak gara eta ahizpak gara. Orain, asteartero 18:00etan elkartzen gara Palmera Monteron, gela bat libre dagoelako azken aldian ordu eta egun horretan. Agifesek, adar horrez gain, bestelako programak ere sortu ditu, hala nola, aholkularitza juridikoarena. Familiarrek eraikitzen dugu elkartea, eta gure beharren arabera joaten gara zerbitzuak sortzen. Finean, gu entzutea nahi dugu, eta sentsibilizazioa egiten dugu buruko gaixotasunei buruz gizartean dauden estigmak deuseztatzeko. Aldi berean, bizi baldintza hobeak eskatzen ditugu pertsona guztientzat.
Familiarren taldeak zertarako dira?
Amparo Fernandez: Gure artean elkartzen gara buruko gaixotasunei buruzkoak hobe ulertzeko. Gainera, gure osasun mentala zaintzen dugu ere horrela. Elkargunean ez dugu kritikarik onartzen, eta barrenak hustu ditzakegu elkarrekin. Batzuetan ezin duzu gehiago, eta guretzako leku bat izatea garrantzitsua da. Denak elkar ulertzen garen toki bat da, denak ari garelako berdina bizitzen, nahiz eta gurekin dauden gaixoen diagnostikoak desberdinak izan.
Lopez: Gizartea bera gure taldean dago ordezkatuta. Oraindik bada jendea ez dena irekitzeko gai, eta ihes egiten duena. Irunen hamar urte daramatzagu elkartzen. Hasieran, Urdanibia plazako Ospitale Zaharrean biltzen ginen.
Deszentralizazioa lortze aldera, zeintzuk izan dira zuen eskakizunak?
Lopez: Irungo taldekoek komunean ditugu hainbat eskari, eta erabaki genuen Donostiako egoitzari eskaera batzuk egitea. Adibidez, talde terapiak ordu bat irauten du, eta eskasa da. Hitz egiteko beharra dugu, eta gero eta gehiago gara taldearen parte. Pentsa, hasieran zazpi ginen, eta orain hamabi gara. Noizbehinka, ordu laurden bat edota ordu erdi bat gehiago ematen digute. Donostiatik askotan erantzun izan digute Osakidetzan ez gaituztela ondo artatzen, eta hortxe dagoela arazoa.
Fernandez: Irungo osasun mentaleko erietxean nabari dugu hutsune asko daudela. Osasun alorreko langileentzako formakuntza integral bat eskatzen dugu, orientazioa jasotzeko. Asko sumatzen dugu faltan anbulatorioetako leihatilan baliabide guztien berri ematea.
Bestalde, psikologo batekin elkartzeko hiru hilabeteko itxaron zerrenda dago. Batzuetan ez da psikiatrarik egon ere, eta egoten denean, urte eta erdi itxaron behar da zita izateko. Psikologoen kasuan, gainera, zure barrenak irekitzen dituzunerako aldatu egin dute profesionala. Irungo osasun mentaleko zentroan psikologo bakarra dago. Beraz, lehenengo pausoa psikologo gehiago jartzea da. Gizarte langile gehiago izatea ere eskatzen dugu.
Irunen erreferentziazko gune bat eskatu izan duzue, ezta?
Lopez: Sare bat sortu nahi dugu eskualde bakoitzean, eskualdeetako Agifes da bultzatu nahi duguna. Azken finean, gu Irungoak izanda, gu gara hemengo errealitatea hobekien ezagutzen dugunak.
Fernandez: Bidasoan egituratzeko behar dugun lehenengo gauza espazio fisikoa da. Bestela, ezin diogu jendeari harrerarik egin, ez dugulako erreferentziazko leku bat. Udalari kontu hauek guztiak azalduko dizkiogu, eta ea zer esaten diguten. Sarea bota nahi dugu, ea zer arrantzatzen dugun.