Hondarribia A trainerua laugarren San Pedroko test estropadan
37 ontzi inguru bildu ziren Pasaiako badian azken hilabeteetako lana erakusteko asmoz. Emakumezkoak seigarren izan ziren eta Hondarribia B ontziko arraunlariak 20.nak.
Joan den larunbatean San Pedroko test estropadan aritu ziren Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariak. 37 ontzi inguru bildu ziren Pasaiako badian azken hilabeteetako lana erakusteko asmoz. Arratsaldeko 16:00etan irten zen lehen emakumezkoen trainerua. Arraunerako giro ona zegoen arren zenbait momentutan haizearen kontra borrokatu behar izan zuten kirolariek. Erlojupeko modalitatean lehiatu ziren. San Pedro eta San Juan lotzen dituen ontzi paretik irten, bokalea pasatzerakoan ipini zuten buiaraino eta buelta. Emakumezkoek joan-etorri bakarra egin zuten, gizonezkoek bi.
Hondarribia Arraun Elkarteko emakumezkoek 6. egin zuten (11:01,63), ETE ligako Zumaia ontzitik 2 segundora. Emakumezkoen kategorian Donostiarra izan zen garailea 10:38,98ko denborarekin. Gizonezkoen kasuan Hondarribia A trainerua 4. izan zen, Donostiarra ontzitik 5 zentesimetara. Bermeo Arraun izan zen aurrena (19:34,14). Lehen txandatik bigarrenera 10 minutuko geldialdia egin zuten, eta bigarrenetik hirugarrenera 5 minutukoa, guztira 3 txanda gauzatuz. Hondarribia B ontzia 3. txandan aritu eta 20. sailkatu zen (20:57,04).
San Pedroko Test estropada atzean utzita, igande honetan Deustu Arraun elkarteak antolatutako ‘Zorrozaurreko buelta’ estropadan lehiatuko dira Hondarribia B eta Emakumezkoak.