Apirilaren 1ean eta 2an adi trafiko eta aparkaleku aldaketei
Hilaren 27tik apirilaren 2ra kale batzuetan ezingo da kotxea mugitu. Aldi berean, TAO txartela dutenek ere aldaketa izango dute, eta edukiontzi batzuk lekualdatuko dira.
Apirilaren 1ean hasiko da Euskal Herriko Itzulia txirrindularitza lasterketa Irunen. Bi etapa pasako dira Bidasoko hiri nagusitik; lehena, erlojupeko ibilbide zirkularra izango da; bigarrenak, Irun Kanborekin lotuko du. Lasterketaren aurrekari gisa hainbat jarduera antolatu ditu udalak eta horien berri emateko agerraldia egin dute gaur Borja Olazabal Kirol ordezkariak, Miguel Angel Paez Hiri Bultzadako ordezkariak eta Gazteriako Sergio Javierrek.
Martxoaren 30ean, larunbata, bertigo atrakzio bat instalatuko dute San Juan plazan 11:30etatik 14:30etara eta 16:00etatik 19:00etara. Looping bike izeneko esperientzia da eskainiko dutena, hau da, etengabe 360 gradutako estruktura batean bi bizikletetan bueltak ematea. Eguna borobiltzeko, 20:00etatik 21:45etara, musika jartzen arituko da musika jartzaile bat Zabaltza plazan.
Igandean, martxoak 31, Igande Sasoi programaren barruan, haurrentzako egurrezko kale jostailuez gozatzeko aukera izango da Zabaltzan. Horrez gain, hornidura poltsak margotzeko tailer bat eta txirrindularitzako motiboekin apaindutako giltzatakoak eta puzzleak egiteko beste bat egingo dira. Kromosomak antolatu du.
Bestalde, abilidadea eta koordinazioa lantzeko jolasak eskainiko ditu Txiribueltak. Era berean, horma irudi baten pintaketa eta grafiti tailer bat eta abilidadea erakusteko zirkuitu bat prestatuko dute. Gero, 17:00etan, txikiek lehen etaparen 10 kilometroak egingo dituzte Luis Marianotik San Juan plazaraino Club Ciclista Irunesen eskutik. Ibilbide laburragoa izango da originalarekin alderatuta. Azkenik, 18:00etan, Itzuliako taldeen aurkezpen ofiziala egingo dute San Juan plazan.
Trafiko aldaketak
Herritarren Segurtasuneko arloak jakinarazi du apirilaren 1ean proba Irundik pasatzeak eragina izango duela trafikoan, batez ere aparkalekuetan. Xehetasunak hostoz hosto joango dira ematen, baina aurreratu dute lasterketa igaroko den karrika guztietan ezingo dela aparkatu du, hilaren 30etik apirilaren 1era bitartean.
Karrika horiek honakoak dira: Artaleku, Kale Nagusia, Gipuzkoa hiribidea, Elizatxo hiribidea, Prudencia Arbide, Eguzkitzaldea eta San Martzial kaleak, Jenaro Etxeandia plaza eta Uranzu kalea (Urdanibiatik Korrokoitzera).
Lasterketak irauten duen bitartean, gainera, mugikortasuna are gehiago mugatuko dute eta ibilgailuak ezingo dira mugitu Gipuzkoa hiribidean, Pikoketa, Aldapeta, Legia, Olazabal eta Ramery, Arbelaitz eta Perujaran kaleetan. Aparkalekuei dagokienez, Luis Marianoko eta Artalekuko aparkalekuetatik ezingo dira autoak atera. Hartara, aparkaleku alternatiboak prest izango dira Eguzkitza BHIn eta Bidasoaldea HHIn, hilaren 27tik apirilaren 2ra.
Apirilaren 2ko probari begira, berriz, trafiko aldaketak aurreikusi dituzte 12:30etik 13:30etara. Eragina honako hauetan nabarituko da: Iparralde hiribidea, Kolon pasealekua, Nafarroa hiribidea, Osinbiribileko biribilgunea, Gi-646 Behobiako norakoan, Behobia eta Urruña arteko zubia, San Martzial, Dunboa eta Erlaitz kaleak, Ricardo Arregi zumardia eta iparraldeko saihesbidea.
TAO txartelak, taxi eta autobusak
TAO txartelaren 2. eta 3. eremuetako egoiliarrek eremu mugakideetan aparkatu ahalko dute, 1., 4., 5., 6., eta 12. eremuetan, hilaren 30etik apirilaren 2ra.
Autobusen ibilbideak eta maiztasunak ere aldatu egingo dira. 4. lineak ez du zerbitzurik eskainiko, eta L1 eta L2 lineak elkartu egingo dituzte, hiriaren kanpoko auzoetako bidaiariak erdigunera gerturatzeko eta eskualdeko ospitalera iritsi ahal izateko. L3 linearen linea burua Dunboako anbulatoriora aldatuko dute. Bestalde, San Juan eta Luis Marianoko autobus geltokiak ez dira erabilgarri egongo.
Edukiontzietan eragina
Martxoaren 26tik apirilaren 2ra arte, hiriko hainbat edukiontzi lekuz aldatuko dituzte, txirrindularien segurtasunagatik. Horrez gainera, bi bilketa puntu kendu egingo dituzte, Kolon pasealekuko 31. eta 54. zenbakietan daudenak, hain zuzen ere.
Jarraian, lekualdaketak:
- Jose Ramon Agirretxekoa, Aldapeta kaleko 7.era.
- Elizatxo hiribideko 1.goa, Jose Luis Barrioko oinezkoentzako gunera.
- Araba kaleko 28.ekoa, haurren parkeko sarbide ondora (32. eta 34. artean).
- Olaberria auzokoa (Txingudi parean), Perujaran kaleko 3.era.
- Larreaundiko biribilgunekoa, San Jose Langilea kalera.
- Eguzkitzaldea kaleko 15.ekoa, Jesus kaleko 17.era.
- Urdanibia plazakoa, Korrokoitz kalera.
- Gipuzkoa hiribideko 1.goa, Gipuzkoa hiribideko 24.era.
- Gipuzkoa hiribideko 1.goa, Iparralde hiribideko 10.era.