Harrera sareetako kideak identifikatu ditu Espainiako poliziak
Ipar eta Hego Euskal Herriko harrera sareetako kide batzuk identifikatu eta berri gehiago jasotzearekin "mehatxatu" ditu Espainiako poliziak.
Irungo Harrera Sareak atzo igorritako ohar batean salatu du larunbatetik igandera bitarteko gauean Gipuzkoa eta Lapurdiko harrera sareetako kideak identifikatu dituela Espainiako poliziak. Momentu horretan, harrera sareetako kideak Irungo Gurutze Gorrian ziren zazpi migrante akonpainatu ondoren.
Identifikazioez gain, mehatxatu egin dituztela “laster berri gehiago” izango dituztelako deitoratu dute. Sareetako kideek azaldu dute ez dela lehen aldia “jazarpena eta kriminalizazioa” jasaten dutena”.
Gogoratu dute solidaritatea “beti” izango dela beharrezkoa, baina nabarmendu dute are gehiago izango dela beharrezkoa “korridore humanitarioak denentzat seguruak ez diren bitartean.” Bide horretan, zubiak denentzat irekitzea eskatu dute, bai eta migrazioa segurua izateko bermeak ere “bizitza arriskuan jarri behar gabe”.
Sei urte
Irungo Harrera Sareak sei urte bete ditu bere sorreratik, eta ordutik, goizero eta gauero txandak egiten dituztela San Juan plazan eta autobus geltokian oroitu dute. Ordutik, hainbat dira sareak egindako eskariak: “askotan eskatu izan ditugu harrera duina eta integrala ardatz dituzten politikak, salatu ditugu politika migratzaile hiltzaileak, eta salatu izan dugu ere harrera sare desberdinetako kideek jasaten duten jazarpen politiko nahiz poliziala. Baita ere solidaritatearen kriminalizazioa”.