Gipuzkoako Xake Liga aurrera doa
Euskadiko Liga amaituta 6. postua eskuratu du Marlaxka Xake Klubeko A taldeak. Gipuzkoako Ligan, berriz, bi garaipen eta porrot eta berdinketa bana lortu dituzte gainontzeko taldeek. Julen Goya lesakara ere fin aritu da.
Asteburuan Gipuzkoako ligako 9. jardunaldia gauzatu zen eta Hondarribia Marlaxka Klubeko kirolariak bertan izan ziren. Bi garaipen eta porrot eta berdinketa bana lortu zituzten. Aste Santuaren aurretik jokatu duten azken jardunaldia izan da honakoa, ligak bi asteko geldialdia izango baitu. Hala ere, kirolariak ez dira geldirik egongo, Donostiako Nazioarteko Open-ean eta Euskadiko Banakako Txapelketan parte hartuko dutela aurreratu baitu klubak.
Emaitzei dagokienez Marlaxka B taldea 6. izan zen. Zarautz A taldearen aurka aritu eta 3-1 irabazi zuten. Taldea Goio Uriartek, Aritz Tornay, Iker Tafallek eta Senen Bruñanek osatu zuten. Egunean bertan aurkari izandako Bingen Urbieta gaztea omendu zuten. “Harekin urteetan zehar taula partekatu baitugu Gipuzkoako Ligan. Gure doluminik handiena bere familiari”. Marlaxka C taldeak, bestetik, berdinketarekin amaitu zuen. Domusa Azpeitiaren aurka lehiatu zen taldea Miguel Angel Gomez, Jose Andres Perez, Eneko Alberdi, eta Patxi Isasmendik osatu zuten. Azkenik, Marlaxka D taldeak Agustin Leiza C taldea izan zuen aurkari, eta, gutxigatik izan bazen ere, azkenean galdu egin zuten (1,5-2,5). Ion Irigarayk, Beñat Sagarzazuk, Kimetz Lekuonak eta Markel Ramajok osatu zuten taldea.
Marlaxka A taldeak Euskadiko Ligan 6. amaitu zuen. Emaitza benetan fina da lortu dutena. Izan ere, Ohorezko Mailan jokatzen duten bigarren urtea da eta play offeko postuak ekiditerakoan hirugarren urtez aritzea bermatu dute.
Bestalde, Atarrabian jokatu den Paz de Ziganda Eskolarteko txapelketan Marlaxka Xake Taldean aritzen den Julen Goya lesakarak emaitza txukuna eskuratu zuen. Podiumeko bigarren postuan amaitu zuen.