Ez da Txingudi Errugbiren asteburua izan
Bai Zaisa Txingudi eta bai Biok Txingudi taldeek porrota ekarri dute etxera, Iruñeatik eta Getxotik, hurrenez hurren.

Zaisa Txingudi errugbi taldeak Bera Beraren bigarren taldearen aurka jokatu zuen. Partida oso bizia izan zen, baina garaipenak azken minutuetan egin zien ihes.
Eskura jokoa izan zen nagusi donostiarrek eta bidasoarrek jokatutako partidan. Etxekoek aurrea hartu zuten markagailuan entsegu eraldatu batekin hamalaugarren minutuan (7-0).
Bidasoko hiru laurdenek metro asko irabazi eta defentsa gainditzea lortu dute, baina puntuak ez ziren iristen. Bestalde, Bera Berakoak aurkarien hogeita biko eremura iristen baziren ere, aldea handitzeko ahaleginak zapuztu zituzten Camareroren mutilek. Atsedenaldirako 3 minutu falta zirela, Roman Solisek entsegua lortu zuen markagailuan aldez murriztuz (7-5).
Bigarren zatian, Adur Manterolak ostikatutako zigor kolpe baten bidez, aurrea hartu zuen Txingudik markagailuan (7-8). Partida gori-gori jartzen ari zen eta, 54. minutuan, Asier Gonzalezek txartel horia jaso zuen plakaketa arriskutsu bat egiteagatik. Hortik gutxira, etxekoek markagailua iraultzea lortu zuten makilen artean pasatako zigor kolpe batekin (10-8).
Indarrak parekatuak mantendu ziren azkeneko minutuetan baina, hiru laurdenen beste konbinazio onean, Ekain Hiribarrenek Zaisa Txingudiren bigarren marka gauzatzea lortu zuen (10-13). Hala ere, hurrengo jokaldian izandako defentsa-akatsa donostiarrek aprobetxatu zuten markagailua azkeneko aldiz iraultzeko eta bidasokoak 17 eta 13 gailentzeko.
Kolpe gogorra izan bada ere, Zaisa Txingudik sailkapenean hirugarren postua mantentzen du La Unicak Gasteizen galdu baitzuen. Hasierako hamabostekoan Aritz Rodriguez, Aitor Asurmendi, Jon Sanchez, Hodei Guerrero, Jon Mediavilla, Julen Iglesias, Hector Pescador, Asier Gonzalez, Ioritz Franco, Carlos Lora (kapitaina), Unax Dominguez, Roman Solis, Adur Manterola, Ekain Hiribarren eta Teo Arruti atera ziren. Aulkian Jeno Kocsis, Xabi Sanchez eta Carlos Perezek hasi zuten partida. Javier Montiveros izan zen epailea.
Biok Txingudik
Emakumeen taldeak minutuz minutu hobera egin zuen, baina puntuak ihes egin zioten bukaeran Getxon Neskak Loratzen taldearen aurka jokatutako partidan. Aurkariak, aldiz, kontzentratuago sartu ziren berdegunera baina ez zuten erraz izan bisitarien defentsa zulatzeko. Izan ere, 24. minutura arte ez zen markagailua huts eta hutsekotik mugitu.
Neskak Loratzenek egin zituen lehenengo puntuak entsegu batekin (5-0). Atsedenaldia iristear zegoela, Miren Fernandezek, berdinketa lortu zuen marka batekin. Bigarren zatia lehenengoaren hasiera bera izan zuen. Joko gogorra, lehiakortasun handia, baina, oraingoan, puntuak lehenago iritsi ziren.
46. minutuan, bizkaitarrek bost puntu gehiago lortu zituzten eta, sei geroago, Naroa de la Fuentek berdinketa lortu zuen (10-10). Etxekoek lan handia egiten ari ziren garaipena Faduran geratzeko eta, 57. minutuan, entsegu eraldatu bat egitea lortu zuten markagailua 17 eta 10 jartzeko.
Baina Asier Gonzalezek zuzendutako jokalariak ez ziren atzean geratu eta Maren Santacruz, 62. minutuan, eta Naroa de la Fuente, 6 minutu geroago, markagailua bidasoarren alde irauli zuten. Enara Arrutiren ostikadak aldea 5 puntuetaraino iristea lortu zuen (17-22).
Baina, garaipena lotzen ez zuen jakin Txingudik eta etxekoek zerbait zuten esateko. Amaieratik bost minutura, entsegu eraldatu batekin, aurrea hartu zuten 24 eta 22 jarriz.
Azkeneko jokaldian, kanpokoei animoek behera egin zieten eta Mungia eta Getxoko taldean beste entsegu bat egiteko aprobetxatu zuten (29-22). Porrotak ez ditu bidasoarrak mugitu sailkapenean eta B multzoko lidergoa mantentzen dute astebetez.
Hasierako hamabostekoak honako hauek egon ziren: Gaxi Famoso, Gaia Morris, Maren Santacruz, Zumendi Caro, Maddi Garmendia, Lohitzun Aia, Miren Fernandez, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Enara Arruti, Paola Vega, Ainara Varela, Naroa de la Fuente, Onintza Burgera, Aitana Garrido eta Jessica Gomez. Aldiz, aulkian hasi zuten norgehiagoka Lucia Duran, Yaiza Garcia, Saioa Gartzia, Irati Lazkano, Maier Aia, Leixuri Pinaga eta Luma Altubek. Roberto Bartolomek epaitu zuen partida.