Amua Bideoklip lehiaketaren I. edizioa abiatu dute
Amua Musika Laburmetrai jaialdiaren 4. edizioaren baitan antolatu dute lehiaketa. Lanak bidaltzeko epea zabalik dago urriaren 1era arte.
AMUA Musika Laburmetrai jaialdiaren 4. edizioa azaroaren 14, 15 eta 16an gauzatuko da. Aurten, gainera, berritasun batekin dator. Izan ere, aurreneko aldiz abiatu du Amua Kultur Elkarteak Hondarribiko Udalaren babesarekin, Amua Bideoklip lehiaketa. Lanak bidaltzeko epea zabalik dago eta urriaren 1era arte bidali ahal izango dira.
Tokian tokiko musika bandek egiten duten lana ikustarazteko asmoz antolatu dute, “ikusgarritasuna eta aintzatespena” lortzeko plataforma bat eskainiz. “Bideo musikalak musikaren eta zinemaren fusio boteretsuarekin egindako istorioak dira, eta gure bizitzetan agertu zirenetik gure komunitate artistikoa definitzen duen aniztasunaren, sormenaren eta espiritu berritzailearen isla izan dira”. Zentzu horretan, “gure erkidegoan egiten den musika aldarrikatzea eta sustatzea” funtsezkoa dela uste dute. Herriko musika taldeei zuzenduriko lehiaketa izateaz gain, Irunen, Hendaian, Lesakan, Beran, Iantzin eta Arantzan bizi diren herriko talde guztiek ere izango dute parte hartzeko aukera.
AMUA jaialdiaren antolatzaileek lehiaketara aurkezten diren lanak hautatzeko batzorde bat sortu dute; Koldo Almandoz zinema zuzendari donostiarrak, Naia del Castillo artista eta argazkilari bilbotarrak eta Pabro Ribera skate eta surfean aditua den argazkilariak osatuko dutena. Epaimahaiak 10 bideo hautatuko ditu gehienez eta horiekin proiekzio bat egingo dute, ondoren programazioaren barnean txertatuko dutena.
Lehen edizio honetan saridun bakarra hautatuko dute. Sarituek 1.000 euroko obaria jasoko dute. Gainera, irabazleek haien lana zuzenean aurkezteko aukera izango dute. Azaroaren 16an izango da hori, AMUA Festibalaren amaiera ekitaldian.