Irungo 15.000 zuhaitz zaintzeko lanen berri eman du udalak
Zuhaitzak Kudeatzeko Planaren errepasoa egin du udalak, eta gogoratu dute urtean 306.000 euro baino gehiago bideratzen direla plan horretara.
Irungo zuhaitzen ezaugarri orokorren eta udalak haiek zaintzeko egiten duen lanaren berri emateko agerraldia egin du gaur Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak. Azaldu duenez, zuhaitzak herritarren interesa pizten duten gai nagusietako bat da. “Jakitun gara zuhaitzek ingurua edertzeaz gain, airearen kalitatea hobetzen dutela, itzal egiten dutela, kutsadura murrizten dutela, biodibertsitatea areagotzen dutela eta hirietako tenperatura jaitsarazten dutela”.
Udalak zuhaitzen kudeaketa integral eta jasangarrirako zerbitzu bat du eta hari esker, herritarrek eskura dituzten zuhaitzak osasungarri daudela dio Olazabalek. Zerbitzu honekin HAZ zerbitzuan aurkezten diren abisu, kexa eta iradokizunak erantzuten dituzte ere.
Gaur egun, Irungo Udalak hiriko zuhaitzak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko kontratu espezifiko bat du, urtean 306.000 eurokoa. Horrez gain, beste 25.000 euro jartzen ditu zuhaizti berriak zuhaitzez hornitzeko, eta aurrekontu parte hartzaile bidezko aurrekontuaren barruan, beste 100.000 euro bideratzen dituzte.
Zuhaitzak Kudeatzeko Plana
Zuhaitzak Kudeatzeko Plana orain 10 urte idatzi zuten eta harekin hiriko zuhaitzen egoera aztertu, ebaluatu eta baloratu, eta horrela, haien kudeaketa optimizatu zituzten. Planean xedatu zen zerbitzu espezifiko bat kontratatu beharra, zuhaitzak etengabe hobetu eta zuzentzeko neurriak eta hiriko zuhaiztiak iraunkorrak izateko beharrezkoak ziren mantentze protokoloak ezartzeko.
Lehen kontratua, 2017an egin zen eta lau urte iraun zituen. 2022an, berriz, beste kontratu bat sartu zen indarrean eta 15.000 zuhaitz aintzat hartu ziren bertan, erdigunekoak nahiz auzoetakoak, zehaztu dutenez.
Honako jarduketa hauek egiten dituzte: mantentze lanak (inausketa, ureztapena, txorkoen mantentzea, borroka biologikoa, mozketa, motzondoen erauzketa); zuhaitz berriak landatzeko eta zaharrak ordezkatzeko lanak; ikuskapen lanak, zuhaitzen garapenaren fase guztietan, prebentzio lanak egin beharko balira ere; informazio geografikoko sistema baten bidez zuhaitzen inbentarioa eguneratzeko lanak; arriskua kudeatzeko lanak, arriskuan dauden zuhaitzak xeheki aztertu eta analizatzeko lanak barne.
Guztira, 15.000 zuhaitz
Irunen 15.000 zuhaitz inguru daudela zenbatu du udalak, genero eta espezie desberdinetakoak. Genero nagusia platanondo arruntak dira: 1.755 unitate eta hiriko zuhaitz guztien %11,38. Batzuk eite erdi naturalekoak dira, hala nola, Puiana barrutikoak eta Elizatxo hiribideetakoak eta Urdanibia Berrikoak. Beste batzuk sahats buru formakoak dira, Urdanibia eta Zabaltza plazakoak, ospitale zaharrekoak, Salis hiribidekoak eta Junkal elizaren ingurukoak.
Familia nagusia betulazeoak dira, hiriko zuhaitz guztien artean %16 baitira horiek. Alnus, Betula, Carpinus, Corylus eta Ostrya generoak osatzen dute, eta horien artean nagusia xarma da: gaur egun, 1.037 unitate daude udalaren inbentarioan. Horiek, adibidez, Gipuzkoa eta Elizatxo hiribideetan.
Errosazeoak ere ugari direla hirian adierazi du Olazabalek. Horiek sagarrondoa, udareondoa eta aranondoa dira. Batez ere Iparralde eta Euskal Herria hiribideetan daude.
Inausketa
Udalaren esanetan, ingurune naturalean hazten diren zuhaitzen ez dute inausketa beharrik izaten. Izan ere, inausketak zauriak sortzen ditu eta zauriek onddoen kolonizazioa areagotu dezakete, etorkizunean zuhaitzei arazoak eraginez. Hori dela eta, udalak hiru irizpide aplikatzen ditu hiriguneko eite erdi naturaleko zuhaitzak inausteko: interferentziak, segurtasuna eta formazioa.
Interferentziak, zuhaitz jakin baten egitura muga batzuen barruan sartzea litzateke, zuhaitzen arteko eta zuhaitzen eta inguruko seinale, semaforo, eraikin eta azpiegituren arteko gatazkak minimizatzeko. Segurtasuna, ibilgailuena zein oinezkoa litzateke, eta horretarako, egoera txarrean edo hilik dauden adarrak ez erotzen ahalegintzen dira. Formazioarekin, berriz, ale gazteak formatzen dituzte.
Ez dela inausteko arrazoia hosto edo fruituak erortzea zehaztu dute edota zuhaitzek bistak ezkutatzea, itzal egitea edo izurri edo gaixotasunen bat izatea.
2023 eta 2024 arteko neguko inausketa kanpainan 1.055 ale inguru inaustekoak dira; bostehun, forma kontrolatzeko Urdanibia plazan, Junkal elizaren inguruan eta Salis hiribidean. Eite naturaleko zuhaitzei dagokienez, hogei segurtasun arrazoiak direla eta inausiko dira; 450, interferentziarik ez izateko; eta 85, forma kontrolatzeko.
139 zuhaitz berri
Udalaren aurreikuspenen arabera, aurten 139 zuhaitz landatuko dituzte. Lehenak urrian landatu zituzten, 94 ale izan ziren, eta gero, urtarrilean, beste 45 izan ziren. Kanpaina oraindik martxan dago eta landaketa lanekin bukatzen dutenean, inbentarioa eguneratzea dute asmo.
Ekimen pedagogikoak
Hiriko zuhaitzak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko zerbitzuak ekimen pedagogikoetan laguntzen duela dio udalak.
Haur eta Nerabeen Planaren esparruan, Gazteria Arloak Irungo ikastetxeetako ikasleekin lan egiten du. Aurten, adibidez, Eguzkitza HLHIko talde batekin landaretzaren inguruko gaiak lantzen ari dira: hiriko zuhaitzen garrantziaren gaineko kontzientziazioa; hiriko zuhaitzen katalogoa, haiei buruzko informazioa barne; eta loreen landaketa zelaietan.
Berriki, Mendibil parkeko aleak zer espezie eta jatorritakoak identifikatzeko hogei kartel jarri dira: espeziearen izen arrunta eta, azpian, izen zientifikoa eta jatorria. Hiriko ikastetxeetako ikasleak Meakako udal mintegira joateko irteerak antolatzen dira.