Nepaleko neskek ikasteko aukerak izan ditzaten baliabideak jartzen dituen GKEa
Nepaldala GKEak egiten duen lana eta bertako nesken egoera irudietan bildu du Asier Requejo irundarrak. 'Nepaldala' dokumentala larunbatean proiektatuko dute, 19:00etan, Itsas Etxean.
Larunbat honetan, hilak 9, proiektatuko dute aurrenekoz Nepaldala dokumentala Hondarribian, Emekik udalarekin batera antolatutako ‘Emakumearen astea’-ren baitan. Asier Requejo irundarrak sortutako dokumentalak Nepaldala GKEak egiten duen lana eta Nepalen haur, gazte eta emakumeek bizi duten egoera islatzen du. Miren Berozek, Aitziber Alzak eta Olatz Lasak osatzen dute GKEa.
Erakundea 2018an sortu zen arren, sorrera ezagutzeko bi urte egin behar da atzera. 2016an iritsi zen Miren Beroz Nepalera eta denboraldi luze batez mendi aldeko herri txikietan, eta batez ere, Far West-en egoteko aukera izan zuen. Emakume baten bidez Kathmandu-tik herri txiki horietara iristea lortu zuen. Herri horietara iristea ez da batere erraza izaten. Hiriburutik abiatuta bost edo sei eguneko bidaia izaten da. Denbora bat bertan igarota Nepalgo hizkuntza hitz egiten hasi zen, eta horrek, bertako egoera latzak ezagutzea ahalbidetu zion. “Nola neskak askotan bigarren klaseko bezala tratatzen zituzten, nola jaioberriak jaiotzea ospatzen zuten soilik mutilak baldin baziren… Neska asko desagertzen ziren India aldera lanera joaten zirelako. Askotan burdeletan amaitzen zuten edo ez ziren berriz agertzen. Hortaz aparte, noski, eskolak bisitatzera joan eta gelak hutsak egoten ziren. Horren behartsuak dira landetan lan egin behar dutela jan ahal izateko. Eta gainera, asko eta asko 12-13 urte inguru dituztenean ezkontzen dira”.
Egoera guzti horiek ezagutu zituenean haur eta nerabeen egoera aldatzeko zerbait egin behar zuela ikusi zuen Berozek. Aipatutako egoera horiek bertako kulturaren eta sinesmenekin dute zerikusia, asko erligioaren parte dira. GKEak neska eta nerabe horiei ikasteko aukerak izan ditzaten baliabideak ahalbidetzen dizkie, hezkuntzak askatasuna emango baitie beren etorkizuna erabaki dezaten, “hezkuntzari esker etorkizuneko giltza ematen diegu”.
Mendiko herrietan bizi diren nesken aukeraketa egin, [herrietara joan eta eskoletan elkarrizketak egiten dituzte neskak zein egoeratan dauden ezagutzeko. Ondoren, familiekin elkarrizketak egin eta zerrenda bat osatzen dute] eta Kathmandu-ra eramaten dituzte. Berozen familiarekin batera bizi dira, beheko solairuan. “Guretzat familia bezala dira. Beren janaria, arropak, sendagileko gastuak dena gure kontu izaten da”.
2016 urteaz geroztik bizi da Beroz Kathmandu-n. Bertatik, neskak zaindu eta proiektua aurrera eramaten du. Alzak eta Lasak, berriz, Euskal Herritik egiten dute lan eta administrazio eta kudeaketa lanak egiten dituzte.
Dokumentala
Nepaldala GKEko kideek bolondres egiten dute lan. Bakoitzak bere lana du, eta ondoren, GKEko lana maite dutelako egiten dute. “Oso lan polita da, barrutik sentitzen dugun zerbait da. Han jaiotzeko suertea izan dugu eta nolabait zorte hori ez dutenei itzuli behar diegula uste dugu. Hortan sinesten dugu”. Asier Requejo bideogileak ere borondatez sortu du dokumentala. GKEko kideen laguna da. “Asierrek Nepal ezagutzeko gogoa zuela esan zion Olatzi”, eta hala, 2020eko urtarrilean bertaratu zen. Kathmandu-n proiektuan parte hartzen duten neskak eta proiektua bera ezagutu ahal izan zituen, eta ondoren, neska horien herrixkak bisitatu zituen. Filmaketa egitea oso zaila izan zela nabarmendu du Berozek. Izan ere, herrixka horietan duela 200 urte bezala bizi dira, “ez dago elektrizitaterik ez ezer”. Haatik, erronka handia izan zen.
Dokumentala “izugarrizko oparia” izan da GKEko kideentzat. Beran eta Irunen proiektatu da dagoeneko, eta larunbatean Hondarribiko Itsas Etxean aurkeztuko dute, 19:00etan. Berozek oso hunkituta dagoela aitortu du. Hondarribian sorturiko GKEa da eta bertako jendearen, familiaren, lagunen eta udalaren laguntza handia jasotzen dute. Haatik, “Oso hunkituta eta oso pozik” daude beren jaioterrian Nepaleko bizitza eta sortu duten proiektua erakusteko aukera izango dutelako.
Dokumentalaren ondoren Nepaleko neskek sortutako produktuak salgai jarriko dituzte. Laguntza hori oso garrantzitsua dela kontatu du Berazek, proiektua aurrera ateratzeko dirua ezinbestekoa dutelako. “Gauzatxo txikiak erosita eta laguntza horiek guztiak gehituta hona iristen den laguntza kristorena da. Nepalen gauzek han balio dutenaren erdiaren erdia balio dute”. Gainera, bazkide egiteko aukera edo neskak babesean hartzeko aukera eskaintzen dute ere. Informazio guztia beren webgunean aurki daiteke.
Emakumearen astearen egitaraua osorik ikusteko egin klik hemen.