Irungo merkataritzara ia milioi bat euro bideratuko dute Next Generation funtsetatik
Serapio Mujikan merkataritzarako laborategi bat zabalduko dute eta Irun market plataforma indartzera ere bideratuko dituzte laguntzak.
Tokiko merkataritzaren eraldaketa digitala eta ekologia egiteko Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik dirua bideratuko du udalak. Hain zuzen ere, 953.518,91 euro izango dira eta zenbait ekintzaren bidez jasoko dute:
- Eraldaketa digitala: 465.850 euro.
- Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra: 125.878 euro.
- Salmenta puntuaren eraldaketa: 193.600 euro.
- Sentsibilizazioa eta prestakuntza: 76.230 euro.
- Beste ekimen batzuk: 91.960 euro.
Europak sektorea digitalizatzeko prozesuetan aurrera jarraitzera behartzen dituela azaldu du Miguel Angel Paez Hiri Bultzadako ordezkariak. Hargatik, Next Generation funtsak prozesu horiek ezartzera bideratuko dituzte. Udalaren helburua, tokiko merkatarien salmenta aukerak areagotzea da, “negozio bideragarriak izan daitezen eta, horrela, merkataritza ehun berritzaile eta lehiakor bat sendotu”.
Irun market
Irnu market plataformara 256.000 euro bideratuko dituzte, zerbitzu berriak garatzeko, webgunean streaming eta bideo sistemak txertatzeko. Bestalde, intranet bat ere sortuko dute eta horri esker saltokien plataforman integratutako baliabideak erabili eta partekatu ahalko dituzte.
Horrez gain, merkatarien sare sozialen, webgunearen eta e-commerce-aren kudeaketa hobeto egin dezaten hainbat tresna aktibatuko dituzte plataforman bertan. Komunikazio kanpaina bat eta bitarteko digitalen plan bat ere egingo direla ere azaldu du udalak.
Jasangarritasunarekin lotutako urratsak ere eman nahi dituzte eta horretarako establezimenduen energia kontsumoaren auditoriak eta monitorizazioak jarriko dituzte martxan. Gainera, kontsigna hozkailuak instalatuko dituzte Irun market eskaeretarako. Proiektu pilotu bat ere abituko dute, automobil elektrikoak kargatzeko bi puntu instalatuz merkataritza eremuetan. Ildo beretik, aurten gida bat idatziko dute, merkataritzaren kudeaketari aplikatutako garapen jasangarriko helburuei buruzkoa.
Udaberri honetan ere deskontu kanpaina egingo dute plataforman. Gastatutako 30 euro bakoitzeko 10 euroko deskontua egingo da. Gaur egun, 31 merkatari daude aktibo plataforman, eta aurten beste saltoki batzuk sartuko direla aurreikusi dute.
Serapio Mujika kalean kudeaketa tresnen gordailu bat eta tokiko merkataritzaren espazio berri bat sortuko dute. Merkataritzako laborategi gisa funtzionatuko du, eta bertan, sektoreari zuzendutako prestakuntza ekintzak emango dituzte, show roomak antolatuko dira eta sektoreko bilerak egiteko espazioa ere izango da. Udalak dagoeneko onartu du lokala laborategi komertzial gisa egokitzeko proiektu teknikoa 490.810,30 euroan.
Singular Dendak programak indarrean segitzen duela gogoratu du udalak. Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin batera, kalitate zigilu bat bultzatzen dute, eta Irunen 16 saltokik bat egin dute ekimen horrekin, eta aurten gehiago erakarri nahi dituzte.
Hiria birgaitzeko udal langileek landa lan bat egingo dute, Irungo merkataritzako lokalen errolda eguneratzeko eta hiriko ekonomiaren bilakaeraren argazki erreala lortzeko. Eustaten datuen arabera, 2023an merkataritzako 728 lokal zeuden Irunen.
Hiria erosketak egiteko gune gisa posizionatzeko dinamizazio kanpainak egingo ditu udalak, “Irun gure mugetatik kanpo ere proiektatuko duten hiru ekitaldi handiren bitartez”. Hiru ekitaldietatik bi urterokoak dira: Itzulia, Dies Oiassonis jaialdia eta Eguberrietako kanpaina.
Merkataritzako lokalak profesionalizatzeko eta prestatzeko laguntza lerroei dagokienez, alokairuko K-biziak eta birgaitzeko K-biziak laguntzen deialdia egingo dute berriro ere. Hirian txikizkako saltoki berriak irekitzeko eta badaudenak birgaitzeko xedez sortu ziren diru laguntza horiek.
Establezimendu berriak alokatzeko laguntzen aurrekontua 110.000 eurokoa da, eta saltokiak birgaitzeko, berriz, 100.000 eurokoa. 2023an, bederatzi establezimenduri eman zitzaien alokairurako laguntza, eta beste hamabi izan ziren birgaitzeko diru laguntzen onuradun.
Perco laguntzak ere badaudela oroitu du udalak, Irungo txikizkariei eta ostalarientzako. Horretarako, estrategia kolektiboak eta hiriko ekonomia jarduerekin integratzeko bestelako estrategia batzuk sustatzen dituzte. Egun, bi laguntza lerro daude indarrean: merkatarien eta ostalarien elkarteei zuzenduak eta saltoki edo ostalaritzako lokal indibidualei zuzenduak. Urte naturalaren barruan eska daitezke eta 25.000 euro artekoak dira, saltokien kasuan, eta 15.000 euro bitartekoak ostalaritzako lokalen kasuan.