'Goazen crossfit egitera!' jardunaldia bihar, M8aren barruan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumean Mugimenduan programaren barruan antolatu dute. Kateako Crossfit Irun gimnasioan izango da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak, Emakumeok Mugimenduan programaren barruan, emakumeentzako jardunaldi bat antolatu du biharko, martxoak 8, Goazen croosfit egitera! izenburupean. Croosfit Irun zentroarekin elkarlanean antolatu dute. Ekitaldia Croosfit Irun zentroaren egoitzan egingo da, Kateako Errotazar errepideko 41. zenbakian.
Jardunaldien barruan, entrenamendu orokorreko saio bat egingo dute 18:00etan. Gero, 19:15etik 20:15era bitartean, Emakumea (kirolaria) eta haren beharrak. Ikuspegi integratzailea nutriziotik, odontologiatik eta fisioterapiatik hitzaldia eskainiko dute. Topaketari bukaera emateko luntxa eskainiko dute, 20:30ean.
Jardunaldian parte hartu nahi duten eta Crossfit Irun zentroko kide ez diren emakumeek honako helbide elektroniko honetara idatzi behar dute, izen abizenak eta telefono zenbakia emanez.
Goizane Alvarez Kiroletako diputatuaren esanetan, “kirola egiteak emakumeak ahalduntzen ditu, beren autoestimua indartzen dutelako eta konfiantza irabazten dutelako”. Horregatik, “oso beharrezkotzat” jo ditu topaketa hau eta Emakumeok Mugimenduan programa, “emakumeak eta jarduera fisikoa uztartzeak emakumeen eta gizarte osoaren egoera aldatzea lortuko duelako”.