Florencio Iratxeta 36ko Gerran fusilatutako zinegotzia omenduko dute
II. Espainiako Errepublika garaian zinegotzi izan zen, fusilatu zuten arte. Anakarentzat duen balioa goraipatuko dute 12:00etan izango den ekitaldian.
Florencio Iratxeta Irungo PSE-EEko zinegotzia izan zen II. Espainiako Errepublika garaian 1931tik 1938 urte bitartean, baita Irungo UGTko presidentea ere. 36ko Gerran, baina, fusilatu egin zuten, eta igande honetan omenaldia egingo diote bere izena daraman Anakako plazan, 12:00etan.
Bertan izango dira Cristina Laborda alkatea, Nuria Alzaga Memoria Demokratikoko ordezkaria eta Udalbatzako beste kide batzuk. Omenduaren senide batzuk ere bertan izango dira, bai eta memoria historikoa lantzen duten zenbait kolektibo eta Anaka auzoko elkarte batzuk ere.
Fusilamenduaren 86. urteurrena da aurtengoa, eta igandeko ekitaldian Florencio Iratxetaren figura gogoratuko dute, “balio demokratikoen alde erakutsitako konpromisoagatik”, eta auzoarentzat izan zuen garrantzia goraipatuko dute, Anakako etxeen eraikuntzaren aldeko egindako lanagatik.
Villa Libertad bere etxea zenaren parean eta bere izena daraman plazan, dantzari talde batek aurreskua dantzatuko du, txistulari bandak eta Irun Hiria Musika Bandaren musikariak jotako musikarekin.
Ekitaldiaren ondoren, Pedro Barruso historialariak hitzaldi labur bat emango du Anakako kasinoan, omenduaren bizitza errepasatzeko. Hitzaldi horretara joateko izena eman behar da aldez aurretik, 943 50 53 24 zenbakira deituta edo mezu bat bidalita idatzita.
Florencio Iratxeta
Anakako etxe merkeak bezala ezagunak diren etxebizitza urbanizazio proiektuaren bultzatzaileetako bat eta proiektuaren zuzendaritza batzordeko kidea izan zen. Baina, 36ko Gerra hasi eta fusilatu egin zuten Iratxeta, Ondarretako espetxean gatibu eduki ondoren.
Bere izena daraman plazarekin memoria egiteaz gain, 2011n 36ko Gerran atxilotu eta fusilatu zituzten Irungo bi zinegotziak, Iratxeta eta Evaristo Larrañaga gogoratzen dituen plaka jarri zuten Irungo udaletxeko beheko solairuan.