EUDELek egin duen adierazpenarekin bat egin du Hondarribiko PSE-EEk
"Genealogia feminista ikustaraztea eta emakumeekin historian izandako ahanzturak konpontzea" aldarrikatu dute sozialistek.
Euskadiko Udalerrien Elkarteak (EUDELek) Emakumeen Egunaren harira publiko egin duen adierazpenarekin bat egin du Hondarribiko PSE-EEk.
Historian zehar emakumeak izan duen papera aldarrikatu eta eraldaketa feministetan lagundu duten emakumeei zorra aitortu behar zaiela adierazi dute sozialistek: “Sistema patriarkalak ideiak ikusezin bihurtu ditu eta emakumeen aktibismo politiko eta soziala ukatu du, haien aldarrikapenak isilaraziz eta komunitateen aldeko lorpenen ebidentziak ezabatuz”. Zentzu horretan, arreta adineko emakumeen belaunaldian jarri behar dela esan dute. Izan ere, sozialisten ustez, adineko emakumeak dira memoria historikoa erreparatzeko gakoa. Hortaz, “genealogia feminista ikustarazteko eta emakumeekin historian izandako ahanzturak konpontzeko” erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituztela nabarmendu dute.
Sozialistek EUDELen adierazpenaren hurrengo puntuetan egin dute bat:
- Emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta tokiko bizitzan eragina izan duten talde feministetaraino.
- Une historiko bakoitzean, tradizio eta ingurune kultural guztietan, sistemarekiko erresistentzia eta erantzuna artikulatu duten mugimendu feministak aintzatesten laguntzea.
- Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunaldien arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneak babestea, ahalduntze feministarako eta adin eta baldintza desberdinetako emakumeen aliantzarako guneak izan daitezen.
- Emakumeen ikusgarritasun soziala sustatzea ikuspegi intersekzionalaz, bereziki, adineko emakumeena, bere aniztasun osoan, eta emakumeen zahartzaroari buruz , gizartean, nagusi den irudia eraldatuz, adinean eta estereotipoetan oinarrituta.
- Adineko emakumeek esparru publikoan dituzten esperientzietan eta harreman- eta partaidetza-moduetan arreta berezia jarriko duten proiektuak bultzatzea, haien aniztasun osoan.
- Errenta baxuenak dituzten adineko emakumeei, bereziki alargunei, ahalduntze ekonomikoa bermatuko dieten diru-sarreren eta pentsioen eskaera babestea, eskumena duten erakundeen aurrean, eta konpentsazio-neurriak aztertu eta artikulatzea.
- Adineko emakumeentzat, bereziki alargunentzat, dauden laguntza eta prestazio ekonomikoak ezagutaraztea.
- Udal-eskumeneko laguntza- eta zaintza-zerbitzu publikoak indartzea beren herrietan, adineko emakumeei autonomia eta aktibismoa mantentzea ahalbidetzeko.
- Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren eragina eta hura gauzatzeko moduak ikertzea eta horietan sakontzea, emakume horien errealitatera eta beharretara egokitutako erantzunak artikulatzeko.
- Berdinsarea sarearen bidez, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udalerriak emakumeen tokiko memoria berreskuratzeko abian jartzen ari diren ekimenak ezagutaraztea eta ikusaraztea.