Ikasle italiarrak, ongietorriak Irunen
padua hiriko 25 ikasleko talde bat Irunen da, Pio Barojako ikasleekin batera elkarlan egitasmo bat lantzen. Udalak harrera egin die italiarrei.
Pio Baroja Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleekin lankidetzan ari da Italiako Padua hiriko 25 ikasleko talde bat, Erasmus+ programaren barruan. Inklusioari buruzko egitasmo bat garatzen ari dira bi ikastetxeetako ikasleak. Hori horrela, gaur, Irungo hautetsiek harrera egin diete Italiatik etorritakoei. “Etxean bezala sentiaraziko zaituztegu”, esan du Cristina Laborda alkateak, udaleko ordezkari guztien izenean.
17-18 urtekoak dira italiarrak. Irungo adinkideekin ari dira elkarlanean. Ikasketez harago, ordea, elkarbizitzarako, eta beraz, elkar ezagutzarako trukea ere bada abian dena. “Ziurtatzen dizuet egonaldia ahaztezina izango dela”, esan du alkateak, “hiria esploratzera animatzen zaituztet, bere ondare historiko eta kultural aberatsa, eta bere natura harrigarria ezagutzera. Gainera, jende berria ezagutzera gonbidatu nahi zaituztet, hizkuntza ikastera, eta batez ere, prozesuaz gozatzera”.
Italiatik etorritakoak ez dira izango Pio Barojakoek jasoko dituzten ikasle bakarrak. Hilaren 13an Frantziako Amiens hiriko beste talde bat jasoko dute, kasu horretan sakelako telefonoen erabilerari buruzko proiektu bat lantzeko.