Mayi Iza Agirre hondarribiarrak irabazi du Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa
Bigarrenez eskuratu du txapela hondarribiarrak. 28 partaideen artetik, onena izan da. Finalean ez du akatsik egin.
Goiz-goizetik prest zituzten paperak, arkatzak eta borragomak. 28 lagunek parte hartu dute gaur goizean Irungo Palmera Montero gunean jokatutako Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX. Txapelketan, Euskal Herri osotik etorritakoak. Gipuzkoak, Bizkaiak, Nafarroak eta Lapurdik izan dute ordezkaritza gaurko lehian.
Itzuleraren urtea da aurtengoa. 2007an sortu zuten lehiaketa, baina 2015a ezgeroztik ez da ediziorik jokatu. Aitzondo Euskara Taldearen apustuz, berreskuratu egin dute, 23. Korrika Irundik abiatuko dela probestuz. Lehiaketa baino, topaketa izan da gaurkoa, “elkarrekin topo egiteko eta elkar ezagutzeko” eguna izango zela aurreratu baitzuen Aitzondok. Eta hala izan da. Giro ederrean igaro da goiza.
Lehiari erreparatuta, Mayi Iza Agirre hondarribiarrak irabazi du aurtengo txapelketa, hura izan da azkarrena Joxan Elosegik sortutako hitz gurutzatuak betetzen, akatsik gabe gainera. Txapelketa hau irabazten duen bigarren aldia izan da. Haren atzetik sailkatu dira Antton Fernandez Lasa Urretxuarra eta Aitor Fernandez de Martikorena getxoztarra.
Azterketen gisako formatua izan du lehiak, hau da, partaideek ezin izan dute elkarren artean mintzatu eta aldamenekoari begiratu. Hiztegia izan dute lagun bakarra, analogikoa hori bai, debekatuta baitzegoen mugikorra edo ordenagailua erabiltzea. Hiru zatitan banatu dute txapelketa: hasierako proba, finalaurrekoa eta finala.
Ate itxita egindako txapelketa izan da, baina finala jendaurrean jokatu dute. 15 x 15 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat bete dute finala jokatu dutenek, ordubeteko epea izan dute horretarako.
Hiru sari banatu dituzte orotara. Irabazleak txapela eta 400 euro jaso ditu; bigarenak 200 euro; eta hirugarrenak 100 euro.
Eguna biribiltzeko, eta lehiak eragindako presio eta urduritasunak uxatzeko, bazkaria egin dute partaide guztiek Iñaki Erretegian, goizeko lehian bezala, giro ezin hobean.
Aitzondo taldeko Beñat Muguruzarekin hitz egin du HITZAk, gaurkoaren balorazioa egiteko. “Partaideen maila sekulakoa izan da, ikaragarria. Batzuk 10 minutu eskasean bukatu dute, ikaragarria. Pozik gaude izandako arrakastarekin, errepikatzeko moduan”.