Euskal Ligaren bigarren faseari ekingo dio Txingudik asteburuan
Senior mailako bi taldeak bihar ariko dira, emakume zein gizon. Gazte mailako taldeek ere ez dute etenik izango asteburuan.

Txingudi Errugbi Taldearen senior mailako taldeek Euskal Ligaren azken txanpari ekingo diote asteburuan. Atsedena izan dute aurretik, eta lehiarako prest dira. Hala, emakumezkoen taldea Gasteizera (Araba) mugituko dira, Gaztediren bigarren taldearen aurka aritzeko. Gizonezkoena, ordea, etxean jokatuko dute, Uni Bilbo izango dutelarik parean.
Biak ala biak bihar, larunbata, izango dira. Emakumezkoen norgehiagoka 15:00etan hasiko da, Gamarra zelaian, eta gizonena 16:00etan, Plaiaundin. Emakumeen kasuan, bi taldeentzat izango da bigarren faseko lehen partida, eta beste bost talderekin osatu duten B multzoan Euskadiko Kopa lehiatuko dute. Bidasoarrek garaipen erosoa eskuratu zuten lehenengo fasean: gasteiztarrak 39-0 menderatu zituzten, baina etxetik kanpo aparteko esfortzua egin beharko dute.
Zaisa Txingudiren kasuan, gizonezkoenean, Plaiaundi gotorleku bihurtu dute. Orain artean, lau garaipen eta berdinketa bat lortu dute. Ordea, Uni Bilbo taldeak Zaisa Txingudik baina hamar puntu gehiago ditu sailkapenean (38), eta etxekoen bolada ona eteten ahaleginduko da. Azaroan jokatu zuten elkarren arteko azkena, Bilbon (Bizkaia), baina bidasoarrek ezin zituzten bilbotarrak menderatu. Iñigo Camarerok entrenatutako taldeak ezinbestekoa du puntuak lortzea igoera play-offera sarbidea ematen duen bigarren postura gerturatzeko.
Gazteen joan etorriak
Senior taldeez gain, Txingudiren 18, 16 eta 14 urtez azpiko taldeek ere partidak jokatuko dituzte bihar. 18 urtez azpikoak 12:00etan ariko dira Plaiaundin, Riojaren aurka. 16 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldea Lekarozera (Nafarroa) mugituko da, Zarautz/Beltzaken aurka jokatzeko. Azkenik, 14 urtez azpikoek Iruñera (Nafarroa) bidaiatu beharko dute, Iruña Rugby Taldearen aurka jokatzeko.
Ordezkaritza Euskadi eta Gipuzkoako selekzioetan
Azken aldian ohikoa bihurtzen ari den moduan, Txingudiko hainbat kirolarik jaso dituzte herrialdeko zein Euskal Selekzioaren deia. Joan den astean Helene Tristan 16 urtez azpiko Euskal Selekzioarekin aritu zen bigarrenez, eta Elorrion Valentziako erkidegoaren aurka aritu zen. Aste honetan, berriz, Axier Bravo eta Julen Etxeberria 18 urtez azpiko errugbilariak deitu dituzte, Gipuzkoako Zazpiko Errugbi Selekzioarekin jokatzeko.