Palestinaren eskubideengatik "elkartasuna aktibatzeko" dei egin du Irun Palestinak
Egoera "larria" dela uste du Irun Palestinak eta elkartasun "ekimen aktiboak" areagotzera dei egin dute. Laster ekintza gehiago egingo dituztela aurreratu du Irun Palestinak.
Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin du gaur lehenengoz Irun Palestinarekin taldeak, elkartasun aktiboaren astearen barruan. Laster ekintza gehiago egingo dituztela aurreratu du Irun Palestinak.
Gazan eta Palestinan “heriotza eta suntsipena” direla nagusi gogoratu dute eta Israelgo gobernuak 30.000 pertsona inguru hil dituela. Horrez gainera, palestinarrak lekualdatu dituzte, eta okupazioaren eraginagatik egarria eta gosea pasatzen ari direla salatu dute, baita erregai eta medikuntzarako hornidura faltak dituztela ere. “Israelgo soldaduek herriak, auzoak, azpiegitura asko suntsitu eta hondakin bihurtu ditu”.
Iheslean dabiltzanentzako bizi aterpe segururik ez dagoela azaldu dute, “euren lurraldean palestinar jendea preso edo errefuxiatua da, euren herriak heriotza kartzela bilakatu dituelako israeldar genozidioak”.
Israel gauzatzen ari den genozidioa ez dela azken hilabeteetako kontua diote eta zerrendatu egin dituzte genozidioaren aurrekariak: “1975eko apartheidak, Nakbah, suntsidura, heriotza eta herri oso baten ukazioa definitzen joan dira”. Israelek “etengabe” urratu dituela Nazio Batuen ebazpenak gaineratu dute. “Azken hilabetetako izugarrikeriaren mugak, ordea, Israelgo okupazio militarraren estrategia politikoa erakutsi digu: palestinar herriaren suntsidura”.
Nazioarteari begira jarri dira jarraian eta genozidioaren aurrean “modu ez irmoan inplikatzea eta pasiboki onartzea” egotzi diote.
Gernika Palestina mugimenduaren oinarrizko hiru aldarriak oroitu dituzte: “Israeli sarraskiarekin amaitzeko exijitzea, nazioarteko komunitatearen inplikaziorako interpelatzea eta palestinar herriaren eskubideen errespetua eskatzea”. Eskakizun horiek hainbat modutan egin dituzte, hala nola, Donostian manifestazio nazional bat deituz, herrietako elkarretaratzeekin edota Gernikan egindako giza irudiarekin, besteak beste.
Egoera “larria” dela uste du Irun Palestinak eta elkartasun “ekimen aktiboak” areagotzera dei egin dute. Agintari eta erakundeei exijitu diete Israel behartzera Palestinan gauzatzen ari den “operazio militarrak berehala eteteko”.
Palestinarren bizitza bermatzeko, nazioarteko komunitateak “neurri eraginkorrak” bideratu behar dituela uste dute, “oinarrizko zerbitzuak eta laguntza humanitarioa bermatzeko”. Bide horretan, laguntza humanitarioa “oztopatu eta kriminalizatu” beharrean, lagun diezaietela galdegin dute.
Amaitzeko, elkartasuna “aktibatzeko” eskaria egin dute, “Palestinaren eskubide nazionalengatik eta estatu propioa eta bideragarria eratzeko eskubideagatik. Palestina askatu”.