Hondartza Kiroldegiaren eta instalakuntzen etorkizuna bermatzeko, lehen urratsak
Asier Martín da Hondartza Kiroldegiko zuzendari berria. Hondarribiko Udalarekin elkarlanean instalakuntzaren etorkizuna bermatzeko zenbait pausu ematen hasi dira; hala nola, inbertsio txikiak egiten.
Hondarribiko Udalean Hondartza Kiroldegiari begira jarri dira eta bertako instalakuntzen etorkizuna bermatzeko urrats sakonak egitea beharrezkoa dela uste badute ere, “momentuz behintzat” urrats txikiagoak egiten hasi dira.
Urte hasieratik da Asier Martín Hondartza Kiroldegiko zuzendari berria eta Udalarekin elkarlanean erronka berriei heldu diote. Batetik, kiroldegia ustiatzen dutenen kontratazioa bera eguneratze bidean dira. Une honetan dokumentazioa eta pleguak prestatzen ari dira. Izan ere, kiroldegiaren ustiaketa kontratuak, kiroldegiarena eta baita tabernarena eta kafetegiarena ere, iraungita daude. Horrek, baina, “ez du esan nahi hainbat espazio itxita mantendu behar direnik”, eta zentzu horretan, inbertsio txikiak egiten hasi dira.
Hala, egunerokotasunean dagoen erabilerari erantzuten dioten zerbitzuak hobetzeko pausuak ematen hasi dira. Kiroldegiaren bideragarritasuna mantentzeko inbertsio txikiak martxan jarri dituzte. Hiru urteren ondoren jarri dute martxan jakuzzia eta argiterian ere aldaketak egingo dituzte.
Eta azkenik, Abonatuen kanpaina abiatu berri dute. Maiatzaren 31era arte ordaindu beharreko matrikula ordura arte etetea erabaki dute, “matrikula ordaindu behar izana ez dadin karga bat izan eta jendeak kirola egiteko aukera izateko”. Matrikulazio kanpainarekin batera gogorarazi du alkateak Kirol Txartela Mugiment erabiltzeko aukera. Urtarrilaren 2tik martxan dagoen zerbitzua da eta, Hondarribitik kanpo, Euskal Herri osoko hainbat kiroldegiren zerbitzuak erabiltzea ahalbidetzen du. Txartela erabiltzeko kiroldegiko bazkide izatea beharrezkoa da. Horregatik, bazkide ez badira egitera animatu ditu herritarrak.
Hiru bide horiekin, pandemia aurretik kiroldegiak zituen bazkide datuak berreskuratzeko saiakera egitea da asmoa. Egun azpiegiturak pandemiaren aurretik baino 700 bazkide gutxiago ditu; 5.300 bazkide inguru.
Zuzendaritza berria
Asier Martín-ek hilabete eta erdi darama kargu berrian. Aurretik, Tolosako kiroldegia kudeatze lanetan ibili da, 20 urtez. “Niretzako erronka polita da etxeko kiroldegian lan egitea eta zerbitzuak hobetzeko pausoak ematea”. Une honetan Hondartza Kiroldegia “trantsizio momentu batean” dagoela esan du Martínek; etorkizuneko kiroldegia nola izango den jorratzeko, baina era berean, dutena zaintzeko eta balioan jartzeko garaia dela.
Zuzendari berriak kirolaren aldeko aldarria egin du, eta jarduera fisikoa zein mugimendua balioan jarri nahi izan ditu. “Gaur egun denok dugu argi, eta, ikerketek ere hala erakusten dute, mugitzea osasuna dela. Aurrekoan ikusi nuen nire lagun baten kontsultan ‘Mugitzen ez den harriari ez zaio goroldioa eransten’. Bada, mugitzen den herriari ez zaio gaixotasuna eransten”.
Mugitzea, beraz, herritar ororentzat beharrezkoa dela esan du hondarribiarrak eta, gainera, bizi ohitura bezala egin beharko litzatekeen zerbait dela. Kiroldegiak horretarako mediorik egokienak dituela esan du eta bertako langile profesionalei esker modu eta esparru ezberdinetan mugitzeko aukera izango dutela herritarrek. “Familian, lagunekin, bikotekidearekin, bakarka… mugitzea da helburua eta horretarako Hondartza Kiroldegia da mugimenduaren zentroa”.