23. Korrikaren aurretik "motorrak berotzeko" Korrika Kulturala
Hondarribiko Korrika Batzordeak, Hondarribiko Udalak eta udalerriko hiru eskolek antolatu dituzte Korrika Kulturalaren baitan egongo diren ekintzak. Lehen hitzordua ostegun honetan izango da (hilak 29), liburuaren aurkezpenarekin.

Martxoaren 14an arratsaldeko 16:00etan irtengo da Korrika Irundik. Ekimen kultural erraldoia heldu baino lehen, “motorrak berotzeko”, beste hainbat herritan egin den bezala Korrika Kulturalaren baitan hainbat ekimen antolatu dituzte, eta hain zuzen, horiek aurkezteko egin zuten hitzordua atzo Hondarribiko Udaletxean Garoa Lekuona Euskara zinegotziak, Uxue Kriado AEK-ko kideak eta Hondarribiko hiru ikastetxeetako ordezkariek.
Lehenik, Euskara zinegotziak hartu zuen hitza eta euskararen egungo egoeraz mintzatu zen. Azken 40 urteetan euskarak “hobekuntza nabaria” izan duen arren, izan ezagutzan, alfabetazioan, erabileran…, oraindik erronkak “egunerokoan” daudela esan zuen. Udalak argi du udalerriko erronka zein den: “Euskara askok dakigu. 10etik 7tik gora badute euskararen ezagutza, baina egunerokoaren erabilera datuak kaxkarrak dira. 10 pertsonetik 2k ere ez dute euskara erabiltzen, hori da gure errealitatea”. Erronka handia dela aitortu badu ere hari ekiteko gogotsu agertu da zinegotzia eta egoera iraultzeko udaletik ez ezik, herri mailako eragile eta herritarren laguntza beharko dela ziurtatu du.
Euskararen aldeko aldarrikapena da Korrika eta egun handia iritsi baino lehen hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Horiek azaltzeko Uxue Kriado AEK-ko kideak hartu zuen hitza. Hasteko, AEK-ko kide bezala 23. Korrika Irundik hastea “oso garrantzitsua” dela azaldu zuen, baina batez ere hondarribiar gisa harrotasuna erakutsi zuen Hondarribia Korrikak zapalduko duen bigarren udalerria izango delako. “Hemen ere erakutsi nahi dugulako harrotasunez eta konplexurik gabe euskararen alde gaudela eta Hondarribian ere irabazi nahi ditugula espazioak, eta irabaziko ditugula, hitzez eta ekintzez”.
Antolatutako ekintzak
Korrika Irunen hasteak eragina izan du eskualdean. Guztira, 6 kilometro dira Korrikak Hondarribian egingo dituenak, baina horrek ez ditu herriko eragileak geldiarazi; 18 eragilek erosi dituzte metro zatiak. Martxoak 1era arte aukera dago oraindik metroak eskuratzeko. Kilometroen erosketaz gain, antolakuntzan ere aldea sumatu dutela azaldu zuen Kriadok. 2023ko abenduan bildu zen aurrenekoz Hondarribiko Korrika Batzordea eta urtarriletik buru belarri aritu dira korrika kulturalaren baitako ekintzak antolatzen. Aurten ere eskaintza zabala egiteko ahalegina egin dutela esan zuen eta egitarauarekin hasi baino lehen eskerrak eman zizkion Hondarribiko Udalari elkarlanean aritu direlako Korrika Kulturala antolatzen. Lehen proposamena Teresa del Valle, bidegile eta gidari liburuaren aurkezpena izango da; bigarrena, Piztu! EmakumeON energia familia antzerkia; eta hirugarrena, DRAGaldia ikuskizuna.
Korrika Kulturala, baina, ez da hor geratuko. Izan ere, Hondarribiko hiru ikastetxeak korrika batzordearekin elkarlanean aritu dira Korrika Txikia eta Korrika Gazte antolatzen. Azken hau gazteen ekimenez sortu da, aurrenekoz.
Haur eta Lehen hezkuntzako ordezkari gisa Gari Amundarainek hartu zuen hitza. Gainontzeko urteetako arrakasta ikusita aurten ere formatu berari eutsiko diotela azaldu zuen Akundarainek. Hilaren 22an egingo dute Korrika Txikia. 6. mailakoetatik hasita goizeko 10:00etan bilduko dira Arma Plazan. Lekukoa hiru eskolen artean banatuko dute eta eskola bakoitzaren ardura izango da lekukoa eramango dutenak aukeratzea. Ibilbidea honakoa izango da: Arma Plazatik Sabino Arana gurutzatuko dute San Pedro kalera heldu arte. Kaialde ondoko pasabidetik Santiako kalera sartuko dira eta Santa Maria Madalena plazan amaituko dute. Aurten, berrikuntza gisa, 10:30ean erromeriari hasiera emango diote. ‘Gora bihotzak’ lelopean Korrika Txikiari “amaiera berezia” emateko asmoarekin. Gainontzeko urteetan bezala dena primeran ateratzea espero dute.
Azkenik, hiru eskoletako DBH eta Batxillergoko ordezkari gazteen txanda izan zen. Martxoaren 14rako Korrika Gazte antolatu dute. 13:40ean ikasleak San Juan de Dios biribilgunean bilduko dira. Hogei minutuko tartea izango dute guztiak bildu eta udalerriaren erdigunerantz abiatzeko. 14:30erako aurreikusi dute Santa Maria Madalena plazara heltzea eta bertan, sekulako festa izango dute: bertsolariak, txalaparta, DJ bat eta musika talde ezberdinak izango dira, besteak beste. Guztia 15:30erako amaituko da, Korrika ofizialaren hasierara heltzeko garaiz. Ikasleek korrikan parte hartzeko eta beraiek antolatutako ekitaldietara bertaratzeko gonbidapena luzatu zuten. “Denak gonbidatuta zaudete eta espero dugu etortzea ilusio handiz prestatu dugulako”.
Inplikazioaz “harro”
Egitarau zabala aurkeztuta eta gazteen inplikazioa ikusita udaletik “harro egoteko moduan” daudela esan zuen Garoa Lekuonak, eta Korrikaren egunean, “gutxienean gutxienean” euskaraz aritzeko esfortzua eskatu zuen. “Erronka bat dugu gure herrian lehen aipatutakoagatik, eta da, gutxienean gutxienean korrikan goazen metro horietan eta inguruan kontzienteki euskaraz aritzekoa. Hori da zerbait batzuentzako gutxi izan daitekeena, beste batzuentzat esfortzua. Baina horrela egin behar dugu. Euskaraz bizitzeko kontzienteak izan behar gara”.
Honako 18 eragilek erosi dituzte Hondarribiko metroak: Done Pedro Itsas Gizonen Kofradia; Mugiri Kultur elkartea; Talaia Eskola; Olagarro Kultur elkartea; Emil Zatopek Previtek korrikalariak; Zumardikoak Kultur elkartea; Oarso Bidasoko Hitza; Egia banaketak; Higer Beer; Txingudi Errugbi elkartea; EH Bildu Hondarribia; Uliazpi; Endanea kafetegia; Harresi Boleibol kluba; Bidasoko Suhiltzaileak; Abotsanitz; Hondarribia Arraun Elkartea; Hondarribiko Udala; Blagan Euskara taldea eta EAJ.
- Otsailaren 29an Teresa del Valle, bidegile eta gidari liburuaren aurkezpena egongo da 19:30ean, Kultur Etxean. Del Valle antropologoa da eta “bere lanak bide berriak ireki ditu genero arloan eta euskal kultura eta gizartea ulertzeko moduan. Liburu horren bitartez bere lanaren errepasoa egingo dugu”. Gainera, 1988. urtean egin zuen korrikaren ikerketa etnografiko bat egin zuen eta hori ere gogoratuko dute.
- Martxoaren 1ean Piztu! EmakumeON energia familia antzerkia eskainiko dute. Antzezlanak Marie Curie du ardatz eta haren bitartez emakume zientzialarien historia ezagutarazteko ikuskizuna eskainiko dute. Hitzordua 18:00etan izango da Itsas Etxea Auditoriumean. Gonbidapenak Arma Plazan eta Kutxabank-en eskuratu daitezke.
- Martxoaren 9an Psilocybenean DRAGaldia ikuskizunaz gozatu ahal izango da 22:00etan. Albina Stardust, Divina Comedia, Garazi La fantasy eta Alicia Kiss eta artistek sorpresaz beteriko drag ikuskizuna eskainiko dute. Sarrerak salgai daude Entradium-en, 2 euroan.
- Martxoaren 14an Korrika Gazte egingo dute. 14:00etan San Juan de Dios biribilgunetik erdigunerantz abiatuko dira. 14:30ean Santa Maria Madalena plazara helduko dira eta Korrika Gazte festa egingo dute.
- Martxoaren 22an Korrika Txikia egingo dute. 10:00etan Arma Plazatik irten eta Santa Maria Madalena plazan amaituko dute. Ondoren, 10:30ean ‘Gora bihotzak’ erromeria izango da.