Casadevante eraikinaren inguruko ikuspegia plazaratu du udalak, EAJri erantzunez
Iragan astean Hondarribiko EAJk Casadevante jauregia erosteko aukera aztertzea eskatu zion Udal Gobernuari. Udala eraikina erosteko prest agertu da, baldin eta EAJk agintzen dituen administrazioak erosketan inplikatzen badira.
Iragan astean Hondarribiko EAJk Casadevante jauregia erosteko aukera aztertzea eskatu zion Udal Gobernuari. Abotsanitzek eskakizunari erantzun egin dio.
Casadevante eraikin historikoa “aspaldian” dagoela salgai oroitarazi du udalak, eta ondorioz “lehendik zegoen gobernu taldeak mahai gainean izan zuen aukera”. Haatik, “Hondarribian lehen agintzen zutenek ez bezala” eraikina erosteko prest daudela adierazi dute, baldin eta EAJk agintzen dituen administrazioak erosketan inplikatzen badira.
Zentzu horretan hurrengo mezua helarazi diote jeltzaleei: “Begi onez ikusiko genuke operazioa, baina jakinik ondarea guztiona dela, ez bakarrik hondarribiarrena, besteak beste eta gutxienez, gipuzkoar guztiena eta euskal herritarrena ere, EAJk agintzen dituen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, proiektu honek izango duen aurrekontu osoaren %75 jartzeko konpromisoa erakutsiko balu, Hondarribiko Udalak gainontzeko %25 jarriko luke”.