Osasun zerbitzuak hobetzeko proposamena egingo du Abotsanitzek
Bihar egingo den udalbatzarako mozio bat erregistratu du Abotsanitzek. Zenbait espezialitateren zerbitzuak Hondarribiko Anbulategian eskaintzeko azterketa egitea jasotzen du proposamenak.
Ostegun honetan (hilak 29) arratsaldeko 18:00 izango da otsaileko osoko bilkura. Bertan, Abotsanitzek erregistratu berri duen proposamena aztertuko dute. Herri plataformak argi du Hondarribiarren bizi kalitatea “aldaketa txikien bidez” hobetu daitekeela, eta kasu honetan, Osakidetzan jarri dute fokua.
Osakidetzak eskaintzen dituen zenbait espezialitateren kontsultak Bidasoko Ospitalean soilik eskaintzen dira egun eta hondarribiarrek bertara desplazatu behar izaten dute zerbitzu hori jasotzeko. Zenbait espezialitateren kasuan egingarria ez den arren, beste hainbatetan badela esan dute. “Jabetuak gaude, hainbat espezialitateen kasuan, beharrezkoak dituzten gailuak direla medio, ez litzakeela posible izango herrira ekartzea, baina beste espezialitateei dagokionez, guztiz egingarria litzake”. Erreumatologia, digestio-kontsultak, kardiologia, errehabilitazioa eta helduen odontologia dira horietako batzuk.
Horregatik guztiagatik, Osakidetzako eskualdeko arduradunekin zenbait espezialitateen zerbitzuak Hondarribiko Anbulategian eskaintzeko azterketa egitea proposatu du Abotsanitzek.