'Pequeña Velocidad' babesteko bertako hirigintza plana egokitzea eskatu dute
Gipuzkoan zutik dagoen kontzentrazio esparru bakarra da Irungoa. Larunbatean hainbat eragilek pabiloia zutik mantendu eta memoria historikorako gune izendatzeko eskaera egin zuten, Nicolas Gerendiain talde memorialistak bultzatuta.
Pequeña Velocidad Gipuzkoan zutik dagoen frankismoko kontzentrazio esparru bakarra zutik mantentzeko eskaria egin dute beste behin Irungo hainbat eragilek, Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikazaleak talde memorialistak bultzatuta. Azken eskakizun hau pasa den larunbatean egin zuten, kontzentrazio esparruaren aitzinean.
Trenbide eremuan udalak garatu nahi duen Via Irun proiektu handiak, eta zehazki, bere barneko trenbide eremua proiektuak, ezbaian jarri zuen Pequeña Velocidad-en etorkizuna eta larunbatean berretsi egin zuten hura zutik mantentzearen beharra, memoria historikoaren leku izateko: “Zutik mantentzeak gure hiriarentzat esan nahi du leku bat izango dela omentzeko, oroitzeko, gure iragana ulertzeko, etorkizuneko belaunaldiak hezteko. Bertan, ikastetxeetan egiten diren irakaskuntzak osa daitezke, aberastuz eta ikasitako gaiak in situ ikusaraziz”.
Pabiloia errepresio frankistarako leku izateaz gain, beste hainbat gertakizunen gune izan zela oroitu dute: “Negar ere egin zuten, eta barre, eta lo, eta jan. Hango pareten artean, esperimentatu eta imajinatu daitezke zer egoeratan zeuden, nola bizi ziren eta gertaerak nola gertatu ziren, eta horrek bizia ematen dio historiari”.
Memoria gune izateko eskakizuna egin dute berriro, gogoratuz Irungo Udalak 2023ko irailaren 3an egindako adierazpen instituzionalean hartutako konpromisoa Irungo gudaren eta okupazioaren 87. urteurrenaren harira: “gure ondare historikoa kontserbatzea, memoria-lekuak babestuz” .
Kontzentrazio esparrua babesteko Memoria Demokratikoaren urriaren 19ko 20/2022 Legea ere aintzat hartu eta memoria leku deklaratu beharko litzatekeela azaldu zuten, “eta hori errespetatuz egin behar dira hirigintza garapenak”, gaineratu dute Via Irun proiektuari buruz.
Irungo Udalari hausnartzeko eskaera luzatu diote. Izan ere, dagoeneko onartuta dago pabiloia dagoen inguruan pasabide bat eraikitzeko proiektua eta hura Pequeña Velocidad bota gabe egitea eskatu dute, hala nola, eraikinaren sabaia beherago egokituz edota pabiloiaren paretaren bat diseinu orokorrera egokituz.
Azkenik, memoriaren museorako espazio “egokia” dela diote, “haren pareta artean mugitu eta haietan gure historia sentitzeko. Gure iragana eta gure oraina ezagutzeko, eta, aldi berean, ikasteko eta hezteko, gertaera horiek berriro gerta ez daitezen”.
Eskaera honako eragile zein alderdiek babestu dute: Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan, Amical Mauthausen; La Ilusion kolektiboa, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Txingudiko Elkarte feministak, EH Bildu, Ezker Anintza eta Irungo Podemos.