Bi garaipen eta bi porrot Marlaxka Xake Klubeko xakelarientzako
Euskal ligako 7. jardunaldia eta Gipuzkoako ligen 6. jardunaldiak jokatu dira asteburuan. Partidak amaituta afaltzera joan ziren xakelari guztiak, Marlaxkako izpiritua ospatzeko.
Iragan asteburuan Euskal ligako 7. jardunaldia eta Gipuzkoako ligetako 6. jardunaldiak jokatu dira. Bi garaipen eta bi porrot lortu dituzte Hondarribiko xakelariek.
Marlaxka A taldea izan zen garaipena eskuratu zuen taldeetako bat. Patxi Morenok, Josu Tornayk, German Herrerak eta Ander Tafallek osatu zuten eta “borroka gogorra” izan zuten arren, 2,5 punturekin, Gasteizko San Viator klubeko xakelariak garaitu zituzten. Emaitza horrek bosgarren postura igotzea ahalbidetu die.
Marlaxka B taldea Goio Uriartek, Aritz Tornayk, Jurgi Diazek eta Juan Senen Bruñak osatu zuten. Gipuzkoako ligako goren mailan dagoen taldeak puntu bateko aldearekin garaitu zuen Gros D taldea. Hala, laugarren postuan jarraitzen dute hondarribiarrak.
Marlaxka C eta Marlaxka D taldeek, beraz, galdu egin zuten. Lehenak, Gros G taldearen aurka jokatu zuten. Hondarribiarrek ez zuten egunik onena izan. Seigarren jardunaldiaren ondoren laugarren postuan jarraitzen duten arren, honakoa emaitza ona izan ez zela esan du klubak. Hala ere, asteroko partidetatik “ikasten eta sendotzen” jarraitzen dutela adierazi dute. Taldea Gorka Tafallek, Jon Diazek, Nora Lerak eta Fernando Garciak osatu dute. Bigarrenak (D taldeak), Agustin de Leiza B taldea izan zuen aurkari eta 4-0 gatik galdu zuten jardunaldia. Une honetan sailkapeneko 11. postuan dira. Taldea Juan Antonio Guerrerok Fernando Hoyosek, Ion Irigarayk eta Beñat Sagarzazuk osatu dute. Partidak amaituta afaltzera joan ziren xakelari guztiak, Marlaxkako izpiritua ospatzeko.
Hurrengo hitzordua hilaren 2an izango da. Larunbatean Euskal ligako 8. eta Gipuzkoako ligetako 7. jardunaldiak jokatuko dituzte eta astelehenean (hilak 4) Hondarribiko 5. Xake Ttopara jokatuko da, Emakumearen astearen barneko ekitaldia da.