Harro auzoen hurrengoa, Santiago
Asteburua Korrika Kulturaleko ekintzez lepo dator: Santiagoko Korrika Eguna, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa eta Erromeria ibiltaria. Horrez gainera, Korrika batzordea asteazken honetan egingo da.
Harro auzoak. Hala izaten ari dira 23. Korrika kulturaleko Irungo Korrika Egunak. Dagoeneko Kateakoa eta Larreaundikoa egin dituzte eta larunbat honetan (martxoak 2) Santiagokoa egingo da Santiagoko pilotalekuan, hirugarrena izango dena. Egunaren nondik norakoak zehazteko agerraldia egin dute gaur Santiagoko auzo elkartean Maddi Sanz Korrikaren koordinatzaileak eta Nuria Alzaga Kultura zinegotziak.
Oraingoan ere egun osoko egitaraua ondu dute, eta nola ez, herritarren parte hartzearekin. Bai Alzagak eta bai Sanzek nabarmendu egin dute korrika kulturala egiten ari bada, “herritarrekin eta herritarren erantzunari esker” gauzatzen ari dela. Oraingoan, antolatzaileen artean, auzo elkartea bera, Atxiki pilota eskola, Nayade Abesbatza, Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde, Izarkom, Lumak Haize eta Auntxa eta Udal Musika Eskolako ikasleak egon dira. [Egitaraua, azpian].
Etxeko eragileekin aritu dira lanean eta bertakoak izango dira beste behin protagonistak. Baina, aipatu beharra dago, Lumak Haize Irungo Harrotasun Kritikoak antolatu duen bingoan Euskal Herri osoko euskotrabestiak bertaratuko direla. Denetariko showak ikusteko parada izango dela aitortu du Gorka Iparragirre kolektiboko kideak. Honako hauek izango dira euskotrabestiak: L’ass D. Vill, Freydis Sky Love, Bacco, Garazi La Fantasy, Arkana, Deliria, Lady Dragma eta Alicia Kiss.
Egun osoan zehar, gainera, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa egingo da Palmera Montero gunean. Bertan parte hartzeko izena emateko epea hilaren 29 honetan bukatuko da, ostiral honetan, alegia. Bazkaria non izango den konfirmatzeke zegoen eta Beñat Muguruza antolatzaileak iragarri du Iñaki Erretegian izango dela, Santiago auzoan. Lehiaketari buruzko gainontzeko xehetasun guztiak, ondoko lotura honetan topa daitezke.
Erromeria ibiltaria
Larunbatean egingo den Korrika Egunaz gain, igande honetan (martxoak 3) erromeria ibiltaria egingo da. Jai giroko martxa bat izango da, Moskutik abiatu, 19:00etan, eta Zabaltza plazan bukatuko dena. Musika, abesbatzak eta dantzat uztartuko dira eta horietan parte hartzen arituko dira: Meakako Adixkideak; Txorimaloak taldea; Kemen Dantza Taldea; Eraiki Dantza Taldea; Meaka Dantza Taldea; Landetxa, Elatzeta eta Lagun artean elkarteak; Atzokoak, Narbartenea eta Ametsa abesbatzak; EKT eta Maite Mutxiko taldea.
Asteazken honetan, Korrika batzordea
Zehatz mehatz, hamazazpi egun falta dira Korrika Irundik atera dadin eta horretan lanean aritu dira orain arte Korrika batzordean. Hurrengo hitzordua asteazken honetan daukate, hilak 28an, eta irteera egunekoak fintzen joango dira. Hitzordua, Palmera Monteron izango da, 18:30ean.
Ostegunean, Mejillon Tigre
Antxeta irratiak eta Irungo AEK-k batera antolatu dute Korrika kulturalaren barnean Mejillon Tigre bikotearen emanaldia. Oiasso museoan izango da arratsaldeko 20:30ean. Hitz esana emanaldia da eskainiko dutena eta literatura, poesia eta performanceak nahasiko dituzte.
Larreaundiko Korrika Eguna
Aje emozionalarekin eman du gaurko agerraldia Sanzek. Iragan larunbatean egin zen Larreaundiko Korrika Eguna eta “arrakastatsua” izan dela baieztatu du. Datuetara jota, zirku tailerrean 100dik gora izen emate jaso zituzten, eta haurren sukaldaritza tailerrean 30 haurretik gora aritu ziren taloak egiten. Gaueko kontzertu ibiltarian ere dantzatzen aritu ziren beste hainbeste. “Horrelako datuekin bide onetik goaz” dio Sanzek.
Gainera, pasa den asteburuko Korrika Egunarekin agerian utzi dela irundarrek euskarazko aisia behar dutela adierazi du Sanzek: “Jendeak oso gogo onez hartzen du horrelako jarduerak. Euskarazko aisia beharrezkoa da”.
Segidan, Bostok Photokeko Gari Garaialdek Larreaundiko Korrika Egunean egindako hainbat argazki:
Kokapena: Santiagoko frontoian.
Eguraldi txarra eginez gero, egun bat lehenago iragarriko dute gune berria zein izango den.
Egun osoan zehar, Uranzu pilotalekuan: Bidasoa Km0 erakusketa Laboreren eskutik.
- 10:00etan: Pilota topalekua.
- Atxiki pilota eskolak 12 urtetik gorakoentzako tailerra eskainiko du.
- 11:45ean: Buruhandiak auzo elkartearen eskutik.
- 12:45ean: Ipuin musikatuak.
- Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialderen irakurketarekin eta Nayade abesbatzaren akonpainamenduarekin.
- 17:00etan: Gailu teknologikoak euskaraz erabiltzeko tailerra.
- Bereziki mugikorrak erabiltzeko tailerra izango da eta Izarkomek eskainiko du.
- 18:00etan: Bingo musikatua. Lumak Haize Irungo Harrotasun Kritikoa elkartearen eskutik.
- Euskotrabestiak: L’ass D. Vill, Freydis Sky Love, Bacco, Garazi La Fantasy, Arkana, Deliria, Lady Dragma eta Alicia Kiss.
- 19:30ean: Erromeria. Auntxa trikiti eta pandero eskolako eta Udal Musika Eskolako ikasleekin.