Neguko argazki onenen egileek sariak jaso dituzte
OARSO BIDASOKO HITZAren Neguko I. Argazki Lehiaketaren sari emate ekitaldia ostiralean izan zen, Arkaitza tabernan. Parte hartzaileen irudiekin erakusketa zabalik da.
Ostiral arratsaldean eman zituen HITZAk Neguko I. Argazki Lehiaketaren sariak. Errenteria-Oreretako Arkaitza tabernak jaso zuen ekitaldi xume eta goxoa. Bertan izan ziren sariak bere egin zituztenak, edo haien ordezkariak. Horrekin batera, HITZAk lehiaketarako jasotako argazkiekin ondutako erakusketa zabaldu zen; datozen egunetan horiek ikusteko aukera izango da Arkaitza taberna irekita dagoen ordutegietan.
Rude Kankaren ska eta reggae doinupean egin zen ekitaldia. Hartara, hiru irabazleek banan-banan jaso zituzten egokitutako sariak, eta egindako irudien gaineko azalpenak eman zituzten. Behin banaketa bera bukatuta, mokadutxoa jateko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Lau sari eman zituen HITZAk. Epaimahaiaren saria Jon Unzueta Buenok egin jaso zuen Belokira igoera lehenengo elurra gozatzen argazkiarekin: Errenteria-Oreretako Valentin Fotodendan baliatzeko 100 euroko erosketa bonua irabazi du. Irakurleek ere, bozketa bidez, erabaki dute haien ustez onena zena: sari hori Daniel Novas Saezek irabazi du, eta hari Lezaun upategira bisita eta bazkaria egokitu zaizkio, Aiako Harria argazkiagatik. Epaimahaiaren sari berezia, berriz, Liher Saiz Zaraterentzat izan da, Atsedena hartzen lainopean irudiagatik; hark Valentin Fotodendan baliatzeko 30 euroko bonua jaso zuen. Horiez gain, herri bozketan parte hartu zutenen artean Errigoraren saski bat zozkatu zen: Feli Urroz Arrastioren etxera joan zen saski hori.
HITZAk esker bereziak eman nahi dizkie Valentin Fotodendari, Errigora egitasmoari, Arkaitza tabernari eta parte hartzaile den-denei, haiek gabe ez litzatekeelako posible izango lehenengoz egin den argazki lehiaketa hau egitea.