Julie Gil abeslariak Kabigorrin joko du bihar
Ipar Euskal Herritik iritsiko da Kabigorrira eta maiatzean argitaratuko duen 'Esto Es' diskoaren harira, bere identitate musikala agerian utziko du.
Bihar kontzertua eskainiko du Julie Gil Ipar Euskal Herriko abeslari, konpositore eta ekoizleak Kabigorrin, 19:30ean. Gilek jazz baxuaren ikasketak ditu eta rock eta punk talde ugaritan ibilitakoa da, bakarlari proiektuarekin hasi zen arte
Gilen musika hibrido gisa defini daiteke. Pop, trap, flamenkoa edota kantu frantsesak lantzen dituen artista da, beti ere modernitatea presente edukita. Aipatzekoa da 2020an Remi Rossirekin kolaboratu zuela bere lehen EP-a egiteko, “oso pertsonala” den lehen lan laburra. Gaur egun abestien artean ari da nabigatzen, letra poetikoekin eta dream pop deritzon bizi batekin.
Duela hiru urte, Landetako (Frantzia) Xltour sariaren irabazleetako bat izan zen Frantzian. Egun, musikako beste profesional batzuekin lan egiten du, ekoizpenean trebatzen ari da eta bi urtez jarraipen artistikoa izaten ari da.
Aurtengo maiatzean, Esto Es bigarren diskoa kaleratuko du eta bere estiloa finkatzeko balioko duela adierazi du ateneoak: “harmonia konplexuak eta Doomer estiloko soinu nahita degradatuak idazkera bizi eta abstraktu batekin nahastuko dira”.