"Lan batean zaudenean gehiago izaten da prozesua emaitza baino"
'Lehendabisico EP'-a diskoa kaleratu eta aurkezpen ofiziala egin zuten hilaren 17an, Psilocybenea aretoan. Diskoa Youtuben dago entzungai. Prozesua luzea baina polita izan dela iritzi dute kolektiboko kideek.

Guztiek proiektu propio bat duzue, baina Hok Ttuk Amalau kolektiboan elkartu zarete. Zer dela-eta eman duzue pauso hau?
MIKEL ARRUABARRENA: Hasiera batean abesti bat egiteko elkartu ginen, 2022ko Euskaraldirako. Agurra abestia da hori, diskoko azkena.
EKI ERRO: Abesti horren harira aurkezpen bat egiteko aukera sortu zen, abestiarena zein bakoitzaren proiektuarena. Actok [Messie] urteak zeramatzan abesten, baina Ttirrit eta ni hasiberriak ginenez, ez genuen kontzertu bat emateko adina abesti. Elkarrekin genuen abestia aurkeztu, eta ondoren, hiruzpalau abesti kantatu zituen bakoitzak.
Lehenengo abestia [Agurra] idazten bukatu genuenean, Actok eta nik lanean jarraitu eta Hik lan eta nik jai abestia sortu genuen. Orduan, hirurok sortutako abesti bat eta Actok eta nik neuk sortutako bigarren abesti bat genituen, eta pentsatu genuen: «Zergatik ez dugu sortzen Ttirritek eta nik, eta Actok eta Ttirritek abesti bana?». Ideia serioa, beraz, bigarren abesti hori sortzean atera zen.
Lehenengo entsegua Actoren etxeko estudioan egin genuen. Mikrofono txiki batzuekin, Play Station-era jolasten ari ginela zirudien [barre egin du]. Mikeli [Iturria] deitu nion Psilocybenean entsegu serioago bat egiteko. Soinu teknikari bezala hasi zen, eta denetik egiten bukatu du.
Sortu duzuena, beraz, ez dago oso urruti zuen lan pertsonaletik.
ARRUABARRENA: Esango nuke ezetz. Denen arteko erdi-bide bat aurkitu dugu.
JULEN GOIKOETXEA: Elkartu gara eta saiatu gara bakoitza bere estiloa mantentzen, baina bestearenera moldatzen.
ARRUABARRENA: Bai, eta nik uste dut nahiko polita geratu dela, nahiko naturala.
Taldearen izena nondik dator?
GOIKOETXEA: Zerbait modernoagoa egiten ari gara. Rapa, rocka, trapa… eta beste hainbat estilo nahasten ditugu. Orduan, burutatu zitzaigun Ez Dok Hamairu izan zela bere garaian hori egin zuen lehena. Lehen, Euskal Herrian abeslari bakarlariak soilik zeuden, ez zegoen kolektiborik, eta Ez Dok Hamairu izan zen lehena. Horregatik antzeko zerbait sortzea pentsatu genuen.
ARRUABARRENA: Gainera, Hondarribian amalau bat izatea flipatu bat izatea da.
ERRO: Txuleria puntu bat du.
ARRUABARRENA: Amalau batzuk gara [barrez].
ERRO: Bestalde, Euskaraldiko abestia egin genuenean, une horretan proiektuan zegoen beste artista batek bota zuen esaldietako batean “hok ttuk amalau” esan zuen, eta nahiko argi ikusi genuen lotura.
Iragan larunbatean aurkeztu zenuten diskoa Psilocybenean. Nola joan zen aurkezpena?
GOIKOETXEA: Ondo, goxo.
ITURRIA: Lehenengo kontzertua, berez, aspaldi egin genuen. Udan bost kontzertu eman genituen eta horietan dagoeneko diskoko abestiak kantatzen genituen.
ERRO: Gauza da disko honetako abestiak aurreko udan jada sortuak genituela. Grabatzea falta zen, nahasketak egitea… Baina kontzertuetan jada jotzen hasi ginen. Horregatik, ez da horren berria izan diskoa. Ez da kontzertu berri bat izan, aurkezpena zen, baina lehendik ikusi gaituztenek abestiak ezagutzen zituzten.
Nolakoak dira abestiak, zein gai jorratu dituzue.
ERRO: Diskoak ez du tematika zehatz bat. Sortu genuen lehenengo abestia, Agurra, Euskaraldiagatik sortu genuenez euskararen inguruan aritzen da. Nire abestiak Bidasoa eskualdeko kulturaren ingurukoak dira. Ttirrit eta bion abestiak, Bidegurutzeak, badu gai oso argi bat. Ni kanpoan nintzen lanean, zu [Mikel Arruabarrena] hemen zinen, errutinaz nazkatuta, eta ni lanik gabe errutina baten bila nintzen, 30 urteko krisiaren bueltan. Horren inguruko abestia da.
GOIKOETXEA: Hok ttuk amalau abestiak ez dauka tematika argirik. Pixka bat saltseroa da.
ERRO: Marranetis nahiko adarjotzea da baita ere, esaldi graziosoenak edo originalenak dituen abestia dela esango nuke. Hik lan eta nik jai pixka bat tristeagoa da.
Marranetis abestian denek parte hartzen duzue. Mikel [Iturria] bideoan zenion abestera ausartu zarela, nolatan eman duzu pausoa?
ITURRIA: Betidanik gustatu zait musika eta konposatzea. Ekirekin hasi nintzen abestiak egiten eta pixka bat kantatzen. Riff batzuk egin nituen gitarrarekin, abestia bidali nien eta motibatu nintzen. Zergatik ez, esan nuen. Ekik lagundu zidan letra sortzen eta abestera animatu nintzen. Banuen abesti bat lehendik eta honakoa bigarrena da.
Lehendabisico EP-a deitzen da Lehendabisico Echeari erreferentzia eginez, zer dela-eta?
ERRO: Bilera luze bat egin genuen eta azkenean, zerbait abstraktua egitea pentsatu genuen. Polita izatea, baina mezurik gabekoa. Actoren lagun bati eskatu genion egiteko. Aurreko bilera batean atera zen Lehendabisico Echea herriko ikono bezala, baina ez genuen hitz jokorik. Lanean zaintzan nengoen egun batean siestatik esnatu eta idei etorri zitzaidan. Beste ideia nahiko aurreratua zegoen ordurako. Volumen I deitzen zen, baina ez zigun askorik transmititzen.
Identifikatuago sentitu zineten bigarren ideiarekin.
ERRO: Bai, hori da.
Gustura zaudete egindako lanarekin?
DENAK: Bai.
ITURRIA: Lan batekin zaudenean garrantzitsuagoa izaten da prozesua azken emaitza baino. Bukaera nolakoa izango den irudikatzen duzu, badakizu jendearen erreakzioa egongo dela, baina zuk lana bukatu duzu. Niretzat prozesua izaten da politena, eta baita gogorrena ere.
ERRO: Bai, bukatu dugunez kontent gaude, eta etortzen dena ongi etorria izango da. Prozesua oso luzea izan da.