Negua argazkietara eraman dute HITZAren jarraitzaileek
OARSO BIDASOKO HITZAren I. Neguko Argazki Lehiaketaren sari banaketa gaur izango da, 18:00etan, Errenteria-Oreretako Arkaitza tabernan.
OARSO BIDASOKO HITZAk lehenengoz antolatu du Neguko Argazki Lehiaketa. Euskarazko hedabideen jarraitzaileek argazki dezente bidali dituzte, eta horien artetik onenak HITZAren zaleek nahiz eskarmentudun epaimahai batek hautatu ditu. Sarien banaketa gaur izango da, 18:00etan, Errenteria-Oreretako Arkaitza tabernan. Aldi berean, jasotako argazkien erakusketa ere zabalduko da. Ekitaldira nahi duen oro joan daiteke, irekia da.
Lau sari eman ditu HITZAk. Epaimahaiaren saria Jon Unzueta Buenok egin du bere, Belokira igoera lehenengo elurra gozatzen argazkiarekin: Errenteria-Oreretako Valentin Fotodendan baliatzeko 100 euroko erosketa bonua irabazi du. Irakurleek ere, bozketa bidez, erabaki dute haien ustez onena zena: sari hori Daniel Novas Saezek irabazi du, eta hari Lezaun upategira bisita eta bazkaria egokitu zaizkio, Aiako Harria argazkiagatik. Epaimahaiaren sari berezia, berriz, Liher Saiz Zaraterentzat izan da, Atsedena hartzen lainopean irudiagatik.
Herri bozketan parte hartu dutenentzat ere saria eman du HITZAk, haien arteko zozketa bidez. Hala, Feli Urroz Arrastiori egokitu zaio Errigorako produktuen saskia.
HITZAk eskerrak eman nahi dizkie parte hartzaile denei, lehiaketaren babesleei, Arkaitza tabernari, bai eta epaimahaiko kideei ere.