Euskal Jiraren etorkizunerako berme ekonomiko bila
Iazko Euskal Jirako euriak diru iturri propiorik gabe utzi du batzordea eta horrek «zuloa» eragin du haien kontu korrontean. Udalari «berme ekonomikoa» eskatu diote etorkizunean ondare kulturala izateko.
Euskal Jira Irungo ondare kultural immateriala da. 1928an egin zen lehen aldiz. Ordutik ia mendea bete denean, festaren batzordeak iragarri du festaren bideragarritasun ekonomikoa «konplikatua» dela. Festa bera «kolokan» dagoela adierazi dute Iñaki Olazabal eta Joxeja Zabalo batzordeko presidenteak eta kideak, hurrenez hurren.
Bi diru iturri nagusi ditu jaiak; Irungo Udalarena da bat, eta Euskal Jiraren larunbat arratsaldeko Urdanibia plazako txosnatik ateratakoa bestea. Bi diru iturri horiek «ezinbestekoak» dituzte festa egiteko, baina iaz txosnatik ez zuten dirurik atera «euri jasa handia» egin zuelako. Zabalok gogorarazi du pandemia aurretik batzordeak adierazi izan diola udalari emandako diru laguntza ez dela nahikoa. «Bizitzaren kostuak gora egin du, eta gauza batzuk ez zuten gora egiten. Ikusten genuen behar handia zegoela diru laguntza handitzearena, festak behar zuen itxura har zezan. Oso egoera prekarioan ari gara, baldintzak ez dira egokiak».
2020an eta 2021ean Euskal Jirak etenaldia egin zuenez , udalaren diru laguntzarik ez zuten jaso. Dena den, batzordeak gastu finkoak izaten jarraitu zuen, «seguruak, lokalaren gastuak…», eta «eltzetxoa husten» joan zela jakinarazi du Zabalok. Garai hartako alkate Jose Antonio Santanori «egoera kritikoa» zela esan zioten, eta orduan, udalak bere gain hartu zituen hainbat ekintza. Alkateari aurreratu zioten urteren batean euria eginez gero, «zuloan» sartuko zirela. Eta hala gertatu da.
Berme bila
Adabaki ekonomikoak deitoratu eta berme ekonomiko iraunkorrak eskatu ditu batzordeak. 2024ari ezin diotela aurre egin, 2023ko gastuei ezin diotelako erantzun azaldu diote Irungo Udalari, eta horren jakitun, Kultura arloa lanean jarri da. Otsailean behar dute erantzuna, orain hasiko baitira haien kontu korrontetik gastuak kobratzen. Hargatik, lehengo urteko zuloa estaltzeko, udalari 2.000 edota 3.000 euro eskatzen ari dira. «Zuloa tapatzeko behar genukeen diru kopurua da hori, baina hurrengo urteei begira ez dugu bermerik», dio Zabalok. Oraingoan zuloa ez dela handia nabarmendu du Olazabalek hankak lurrean, baina hurrengo urtean ere diru galera berriro eduki dezaketela uste du, prekarietate ekonomikoagatik.
Kultura saileko ordezkari Nuria Alzagarekin hitz egin du batzordeak, eta aurreratu die konponbide bat topatu duela. Batzordeak ez du aurreratu nahi izan zein izan den jasotako proposamena, tentuz ibili nahi baitute gaiaren gaineko informazioarekin.
Olazabalen esanetan, «festa ondare kulturala izanik beti pentsatu izan dugu batzorde bezala horrelako egoera baten aurrean udala atzean egongo zela». Udalak, soluzioa bilatzen dabilen bitartean, diru sarrerak lortzeko beste modu batzuk bilatzea galdegin dio batzordeari, udalak ezin duelakoan festa %100ean finantzatu. «Guk ez diegu hori eskatu. Eta beste diru iturriei buruz, bada, gu batzorde bat gara, ez gara enpresa bat», erantzun du Olazabalek. «Agian irtenbidea da guk dimititzea eta udalari ematea Euskal Jiraren antolakuntza, antza badutelako festa guztiz finantzatzeko aukera. Guk ezin dugu».
Belaunaldi erreleboa
Bihar da biltzekoa batzordea, eta udalarekin hitz egindakoaz aritzeaz gain, batzordea desegitea gai zerrendako gaietako bat da. «Puntu honetara iritsita, batzorde gisa arduraz aritu behar gara eta egoera dagoen moduan ezin gara arriskatu aurrera begira», aurreratu du batzordeko presidenteak.
«Udalak apustu ekonomikoa egin izan du, egiten ari da eta egingo du», baieztatu du Nuria Alzaga Kultura ordezkariak. Jarduera aurrera eramateko moduaz aritu da: «Ekonomikoki udalak babestu izan du, baina argi dago jendea falta dutela». Iniziatiba aurrera eramateko jendearen inplikazioa beharrezkotzat jo du. Antolakuntza hori batzordeak egiten du, eta udalaren ordezkariaren arabera, elkarteak ez du jende nahikoa jarduera aurrera eramateko. Olazabalek bat egiten du errealitate horrekin, eta herri bazkaria berriro egitea nahi luke, belaunaldi erreleboa bermatuta egon dadin: «Modu egokiena da jende gaztea erakartzeko gure festara». Udalak horretan ere bere aletxoa jartzeko prestutasuna erakutsi du, eta diru partida baten aurrekontua eman die horretarako, Zabalok azaldu duenez.