Emakumeen eskubideen aldeko borroka lehen lerroan jartzeko 'Emakumearen astea' aurkeztu dute
Martxoak 8 egunaren baitan 'Emakumearen astea' antolatzen du Emeki Emakume Elkarteak urtero, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Iñigo Aranburuk irabazi du Martxoak 8 iragartzeko kartel lehiaketa.
Martxoak 8 egunaren baitan ‘Emakumearen astea’ antolatzen du Emeki Emakume Elkarteak urtero, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Eta hori bera aurkezteko elkartu dira gaur goizean Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotzia, Tamara Sastre Emeki elkarteko presidentea, Tzane Carrillo elkarteko kidea, eta aurtengo kartelaren egilea izan den Iñigo Aranburu.
Emeki elkarteak urtean zehar ekintza eta jarduera ugari antolatzen ditu, baina martxoa, bere horretan, Emekirentzat oso hilabete garrantzitsua dela esan du Sastrek, “bereziki martxoak 8ko aste hori” zehaztu du. Emeki elkartea 1991ean sortu zen eta geroztik ‘Emakumearen astea’ antolatu dute, formatu ezberdinetan, baina helburu berarekin: emakumeen eskubideen aldeko borroka lehen lerroan jartzea eta emakumeen lana balioan jartzea. Aurtengo egitaraua osatzeko eskaintza zabal eta anitza prestatu dute Emekikoek, udalerriko biztanle gehiengo bati heltzeko asmoz.
Aldi berean, udalarekin elkarlanean, kartel lehiaketa antolatzen dute. Iñigo Aranburu izan da aurtengo irabazlea. Gizarte Kohesiorako zinegotziak, Josu Peñak, kartelaren mezuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Duela gutxi atera da CISek egindako inkesta batean gizonen %44 diskriminatua sentitzen dela eta uste dut gizarte bezala kristoren hausnarketa egin behar dugula horri benetan buelta emateko. Oraindik gabiltzalako egun guztiak Martxoak 8 izan behar direla esaten, baina ikusten dugu parean oposizio handia dagoela, edo jendeak oraindik ez duela benetan egun horren garrantzia ulertzen”.
Aurtengo kartelak kolore morea du eta urte osoko egutegia irudikatzen du, egun guztiak martxoak 8 direla dioen egutegia. Aranburuk aipatu duenez haren arrebaren telefono dei batekin hasi zen dena, hark animatu zuelako lehiaketara aurkeztera. Bien artean hasi ziren kartelean islatzeko ideia pentsatzen: “Hasieran ideia zen martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna, martxoak 9, martxoak 10, apirilak 4 eta abenduak 31… egunetan ipintzea. Baina azkenean ideiari buelta eman genion, esan beharrean egun guztiek Emakumeen Nazioarteko Eguna izan behar dutela, egun guztiek martxoak 8 izan behar dutela pentsatu genuen eta hori islatzeko modurik egokiena egutegi bat zela pentsatu genuen”.
Martxoak 4: Marlaxka Xake Klubarekin batera IV. Emakumeen Xake Ttopara antolatu dute. Topaketa 18:00etan hasiko da, Kasino Zaharrean.
Martxoak 7: Cristina Ubaniren eskutik ‘Bortizkeria eta tratu txarrak kiroletan’ hitzaldia eskainiko dute. Kultur Etxean egingo da, 19:00etan.
Martxoak 8: Elkartearen helburu nagusietako bat emakumeen ahalduntzea izanik, martxoaren 8a aldarrikapen hori egiteko “oso egun berezia” izaten da elkarteko kideentzat. Goiz eta arratsalderako ekintzak prestatu dituzte. Goizean, Marxoak 8 plazan, ‘Hondarribian emakume sarea osatzen’ ekintza gauzatuko dute. 11:00etatik 13:00etara sare bat jarri eta azaroaren 25ean egiten duten bezala, egunari erreferentzia egiten dioten mezuak, poemak, abestiak… idaztera gonbidatu dituzte Hondarribiko hiru ikastetxeetako ikasle eta irakasleak. Ekintza honekin elkarren arteko lankidetza eta saretzea bilatzen du Emekik: “Gaia eskolan lantzea garrantzitsua iruditzen zaigu, baina horretaz gain, egun horretan elkartasun edo lankidetzako momentu bat bilatzea garrantzitsua iruditzen zaigu”.
Arratsaldean, 17:30ean, Martxoak 8 plazatik abiatuko da manifestazioa. Une berean, Hendaiatik beste talde bat abiatuko da eta bi taldeek Irunen egingo dute bat. Manifestazioa M8 Asanbladak antolatzen du, baina bidasoaldeko elkarteek deialdiarekin bat egiten dute. Emeki elkarteak egunean bertan manifestua irakurriko du.
Martxoak 9: Hondarribiko Pilota Eskolarekin batera ‘Bixi bixi pala txapelketa azkarra’ antolatuko dute. 10:00etan hasi eta 13:00ak bitarte iraungo du lehiak. Hitzordua Jostaldi pilotalekuan izango da.
Arratsaldean, 19:00etan, Itsas Etxean Nepaldala dokumentala proiektatuko dute lehenengo aldiz. Duela urte batzuk Edurne Pasabanekin batera dokumental bat grabatu zutela azaldu du Sastrek, baina orduko hartan, ez zen Nepaldala elkartearen inguruko aurkezpen ofizialik egin. Haatik, aurkeztu berri dutendokumentala elkarteak egiten duen lana balioan jartzeko baliatu du Emekik. “Hondarribiko bi emakume eta Irungo beste emakume batek sortutako elkartea da eta helburu nagusia Nepaleko neskek ikasteko aukerak izan ditzaten baliabideak jartzea da”.
Martxoak 10: Cristina García Rodero argazkilariaren La mirada oculta dokumentala eskainiko dute, 19:00etan, Itxas Etxean.
Martxoak 17: Maria Goirizelaiaren Nevenka antzerki emanaldia eskainiko dute 17:00etan, Itxas Etxean.
Martxoak 23: Masust ondoen patioa antzezlana ikusgai izango da 19:00etan, Itsas Etxean.
Martxoaren 4tik 10era: Kartel lehiaketara aurkeztu diren kartelak Arma Plazan izango dira ikusgai, goiz eta arratsalde.