EAJk Casadevante jauregia erosteko aukera baloratzeko eskatu dio gobernu taldeari
Casadevante jauregia Kale Nagusiko 5. zenbakian dago kokatua eta Hondarribiko Hirigune Historikoaren Monumentu multzoaren zati da.
XVII. mendean eraiki zen Casadevante jauregia. Kale Nagusiko 5. zenbakian dago kokaturik eta Hondarribiko Hirigune Historikoaren Monumentu multzoaren zati da. Hondarribiko EAJk duela aste batzuk jakin zuen jauregia salgai zegoela eta jabeak udalarekin harremanetan jarri zirela erosketa prozesu bat hasteko aukera baloratzeko.
Jeltzaleek diotenez Casadevante erosteko interes pribatuak daude, “Zehazki, eraikina eta hotel lizentzia erosteko interesa duen atzerriko inbertsio funtsak”. Horregatik, EAJ erosketaren alde agertu eta gobernu taldeari aukera baloratzeko eskatu diote, erosketarekin “hiriko ondare historikoa balioan jartzea eta interes publikoak pribatuen aurretik jartzea” ahalbidetuko delakoan.
Jauregiak lau solairu ditu eta horiek, kulturarekin lotutako erabileratara edo ekitaldi zein ospakizun zibilak egitera bidera daitezkeela esan dute.