EAJ: "Biztanleriaren %46ak dio Irun erdipurdikoa, txarra edo oso txarra dela bizitzeko"
Auzoen gaineko azterlana argitaratu zuen udalak otsailean, baina talde jeltzaleak ez du bat egiten udalak egindako irakurketarekin.
Auzoen gaineko azterlanaren datuak eman zituen Irungo Udalak pasa den otsailean. Balorazio orokorra 6,2 puntukoa izan zen eta “ongizate maila altua” dagoela hirian baietsi zuten. Gaur, baina, EAJk azterlana aztertu ondoren, ez dute bat egiten udalak egindako ondorioekin. Nagusiki, irundarren %46ak, batez ere 50 urtetik b eherakoek, Irun bizitzeko leku egokia ez dela esan duelako.
Inkestatuen banaketa ez dela zehaztu diote eta irundarrek helarazten dituzten datu kezkagarrietako bat bera ere ez aipatzea deitoratu dute. Hala, “herritarrengana gardentasun eta zintzotasun ariketa batean”, talde jeltzalean bere ondorioak atera ditu. Irunen Gipuzkoako bataz besteko hainbat daturen azpitik edota gainetik dago hiria, esaterako, gazte kopurua ohi baino txikiagoa da eta langabezia tasa bataz bestekoa baino altuagoa. Hona hemen, hitzez hitz:
- Irunen gazteen ehunekoa Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik dago, baina 65 urtetik gorakoena batez bestekoaren antzekoa da.
- Biztanleria atzerritarrari dagokionez, batez bestekoa baino ia 3 puntu gorago daude.
- Langabezia tasan batez bestekoa baino 3 puntu gorago daude.
- Batez besteko errenta pertsonala 4.000 eurokoa da, Gipuzkoako batez bestekoa baino txikiagoa.
- Biztanleko BPGa 5.400 eurokoa da, lurraldekoa baino txikiagoa.
- Biztanleriaren %46ak dio Irun erdipurdikoa, txarra edo oso txarra dela bizitzeko. Are gehiago, adinean behera egin ahala, pertzepzio negatiboak gora egiten du.
- Immigrazio ehuneko handiena duten auzoek dute pertzepzio txarrena, bai auzoari dagokionez, baita hiriari dagokionez ere. San Migelek, adibidez, ez du gainditzen. 10etik 4,7 puntu eman dizkiote.
- Irungo baloraziorik txarrena gure hirian jaiotakoek egiten dute.
- %52,8k uste du Irungo egoerak okerrera egin duela. Kasu horretan ere, pertzepzioak okerrera egiten du adin tartea jaitsi ahala.
- Herritarrek gutxien baloratzen dituztenak mugikortasuna, zerbitzuak, ekipamenduak, TAO eta aparkalekuak dira.
Jeltzaleek biztanleriaren zahartzea nabarmendu du, baita ere Irun adinekoen beharretara egokitzearen garrantzia ere. “Deigarria eta bitxia” egin zaie adinekoak izatea hirian arazo gutxien ikusten eta adierazten dituztenak. Errealitate horren aurrean ea gazteak non uzten diren galdetu dute: “Haien ongizatea, etorkizuna gure hirian, Irunen, non geratzen dira?”.
Azterketak segurtasuna hobetzeko neurriak bere gain ez hartu izana ez dutela ulertzen adierazi du EAJk, “jakinda hori dela gure herritarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat”.
Azkenik, zintzotasunaz aritu dira: “Irunek zintzotasuna merezi du, bizi dugun egoera onartzen duen udala behar du, eta horrela, guztion artean, errealitateari aurre egin eta gure hiria hobetu. Hau da gure nahia eta helburua”. Arazoei aurre egiteko, lehenik, horiek onartu behar dela diote eta horietan sakondu ahala, “konponbide osoak eta bideragarriak eskaini”.